Ez da ustekaberik izan: Ezker Anitza-IUko militante gehienek begi onez ikusten dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako Ahal Dugu-rekin, Equorekin eta beste eragile batzuekin bat egitea. Hain zuzen, %92,84 agertu dira haiekin koalizioa osatzearen alde, Ezker Anitza-IUk jakinarazi duenez. %5,54k kontra bozkatu dute, eta %1,62k, zuri. Alderdiak esan du parte hartzea %81,85 izan dela.
Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak adierazi du "benetako aldaketaren" aldeko koalizioa osatuko dutela Ahal Dugu-rekin eta. "Ilusioaren mezua" helarazi du.
Espainiako Estatuan, IUko militanteen %87,85 agertu dira bat egitearen alde.
Oso litekeena da udazkenean Eusko Legebiltzarrerako bozetan ere indar haiek bat eginda aurkeztea. Egunotan bildu dira Ezker Anitza-IUko eta EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak, Bilbon. Ahal Dugu-ren izenean, Nagua Albak, Lander Martinezek, Eduardo Maurak eta Vanessa Bañosek hartu zuten parte; Ezker Anitza-IUren aldetik, Isabel Salud, Iñigo Martinez, Sabin Zubiri eta Xabier Pombo izan ziren.