Itxaropentsu dago Ezker Anitza Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lor ditzakeen emaitzekin. CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren inkesten arabera, 3 eserleku eta botoen %4,2 erdietsiko ditu alderdi horrek—egun legebiltzarkide bakarra du Legebiltzarrean—. Ezker Anitzaren arabera, datu horiek erakusten dute herritarrek aintzat hartu dutela Mikel Arana legebiltzarkideak azken legealdian oposiziotik egin duen lan politikoa.
Ezker Anitzarentzat oso baikorrak dira CIS inkestaren emaitzak, eta erakusten dute aukera badagoela Legebiltzarrean talde propioa izateko. Gainera, Ezker Anitzak azpimarratu du oraindik boto-emaileen %3k ez dutela erabaki nori eman boza, eta, beraz, legebiltzarkide gehiago lortzeko aukera baduela.
Alderdietako lehendakarigaien inguruan herritarrek duten iritziaz ere gogoeta egin du Ezker Anitzak. CISek dioenez, Mikel Arana hirugarren postuan dago, Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiaren aurretik. «Horrek erakusten du egungo lehendakaria higatuta dagoela eta euskal gizarteak gero eta gehiago estimatzen duela ezkerreko politika alternatiboa eskaitzen duen indar bat». Ezker Anitzaren arabera, alderdiaren hazkundea erakusten ari dira inkesta guztiak: «Hazkunde hori bat dator herritarrek bestelako politika egiteko duten nahiarekin».
Horrez gain, alderdiak salatu du EAEko Hauteskunde Batzordearen «itzalaldi informatiboa» pairatzen ari dela. Izan ere, Ezker Batuak eta Ezker Anitzak hauteskunde kanpainan publizitate denbora bera izango dute komunikabide publikoetan.
Ezker Batua-Berdeak, berriz, CISen «gehiegikeria» salatu du, ez duelako alderdia aipatu azken inkestan eta «baztertu» egin duelako.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Ezker Anitzak talde propioa izateko aukera gertu ikusten du
CIS inkestaren datuei erreparatuta, gizarteak «ezkerreko politika alternatiboa» nahi duela uste du alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu