politika

Ezkerreko alternatiba aurrerakoia eratzeko apustua

Gemma Zabaleta, Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo eta Daniel Arranzekin elkartu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Donostian.

Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo, Gemma Zabaleta, Arnaldo Otegi eta Daniel Arranz, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 6a
14:11
Entzun

Gemma Zabaleta, Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo eta Daniel Arranz, Euskal Herri berria, ezker eskuz iritzi artikuluan, ezkerreko alternatiba bat eratzeko helburuz EH Bilduren proiektuaren alde azaldu ziren otsailaren 25ean, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak elkarlanerako mezua helarazi zien martxoaren 1ean, bere blogean idatzitako artikulu batean. Gaur hirugarren atala izan da: bostak elkartu dira, Donostiako hotel batean, «lan bilera batean», Zabaletak aipatu duen bezala. Gero, hedabideen aurrean agertu dira, eta Zabaleta eta Otegi mintzatu dira. Mezua: indarrak batzea ezkerreko alternatiba aurrerakoia sortzeko.

«Gure artikuluak eztabaida politikoa astindu du», esan du Zabaletak. «Euskadiko aldaketari hasiera» eman nahi diote, «eta posible da ezkerretik eraikitzea alternatiba politikoa. Behar-beharrezkoa da». Diaz de Rabago, Madrazo eta Arranzen izenean adierazi du EH Bilduri erronka hori bota nahi izan diotela, eta ezkerreko talde subiranistari eskatu dio «bere proiektua zabaldu» dezala  jende gehiago sar dadin. Aldi berean, Euskal Herriko beste indar ezkertiarrei galdegin die ezkerrera begira dezatela. «Gure proposamena ez doa inoren aurka; euskal gizartearen eta hiritarren aldekoa da».

Zabaletak aitortu du otsaileko artikuluaren izenpetzaileak ez direla independentistak, baina erabakitzeko eskubidearen alde daudela, eta areago: independentistek euren proiektua gauzatzeko aukera izatea defenditzen dutela. Halaber, «burujabetza handiagoa» eskatu du, euskal gizarteak «kalitate demokratiko eta ongizate handiagoa» izan ditzan. Azken batean, agenda eta diskurtso politiko berriak eskatu ditu.

Gemma Zabaleta eta Daniel Arranz PSE-EEko kideak izan ziren; aurrena Patxi Lopezen Jaurlaritzan sailburu izan zen 2009-2012 artean, eta bigarrena, Bizkaiko gobernadore zibila 1994-1996an, Espainiako Gobernuan PSOE zegoela. Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeetako koordinatzaile nagusia izan zen 1995-2009an, eta Jaurlaritzako sailburu 2001-2009an, Juan Jose Ibarretxe jeltzalea lehendakari zela, EAJ-EA-EB gobernu koalizioan. Manuel Diaz de Rabago EAEko Auzitegi Nagusiko gizarte arloko salako presidente ohia da.

Otegi: «Argazki honek izugarrizko balioa du»

«Argazki honek izugarrizko balioa dauka» esanez hasi du mintzaldia Otegik, eta nabarmendu du ez dela «operazio elektorala». «Etorkizunera begirako egitasmo estrategiko baten aldeko apustua egiten dugu». Adierazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eredu kontserbadorearen alternatiba osatu» nahi dutela, eta posible dela. Aldaketa hori ezkerretik, jarrera aurrerakoietatik eta erabakitzeko eskubidetik iritsi behar da, EH Bilduko koordinatzailearen esanetan. «Fronte zabal bat eratzen jarraituko dugu. Mundu osoan erronka handiak izango ditugu datorren hamarkadan, eta aurre egin behar diegu, jendea jarrita erdigunean eta ez dirua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.