Koronabirusa

Ezohiko egoera eta neurriak BERRIAn ere

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ANDOAIN. Koronabirusaren eragina nabari da BERRIA Taldean ere. Aurreko egunetatik aritu dira nola jokatu zehazten, eta neurri batzuk martxan dira jadanik. Erabaki nagusia da lantaldearen zati batek etxetik lan egingo duela: lankide batzuk hasiak dira, eta datozen egunetan gehiago ere hasiko dira etxetik lanean, betiere BERRIAren hedabideen funtzionamendua ahalik eta gehien bermaturik.

Etxetik lan egiteko erabakiak bi helburu ditu. Alde batetik, zaintza eta lana uztartzea, ahalik eta malgutasun handienarekin: lankide askok dituzte beren kargu umeak edo adinekoak, eta, eskoletan eta zahar etxeetan izaten ari diren arazoak ikusita, etxean bertan egin behar dute zaintza lan hori. Bestetik, ikuspegi epidemiologikotik, BERRIAren funtzionamendua bermatzea: lankide bakoitza nor bere etxean jardunda, ziurtatuko litzateke lankideren bat gaixotuz gero edo berrogeialdian jarriz gero ez lukeela BERRIAko erredakzio osoan eragingo —horrek, izatez, kolokan jarriko luke komunikabidearen beraren funtzionamendua—.

BERRIAren Andoaingo egoitzan eta herrialdeetako ordezkaritzetan jarri dituzte martxan neurri horiek guztiak; Gasteizko ordezkaritzan aurreko egunetan jarri dute martxan protokolo hori, koronabirusaren eragina Arabako hiriburuan nabaritu baitute lehenago.

Koronabirusaren berri ematen ari da zuzenean BERRIA, Interneten eta paperean, eta hori izango du ardatza datozen egunetan ere. Osasun krisiak eragin handia izan du aktualitate informatiboan: erakundeen jarduna geldituta dago —koronabirusarekin lotutako gaiak izan ezik—, kirola ere bai, eta kulturan ere bata bestearen atzetik ari dira ekitaldiak bertan behera uzten. Egoera horri erantzute aldera, lantaldean moldaketak egiten ari da BERRIA, koronabirusari buruzko informazio gaurkotua ez ezik gainerako esparruetako informazioa ere emateko. Asmoa da BERRIAlagunei eta irakurleei ahalik eta zerbitzu onena ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.