Iazko diru kopuru bera erabiliko du EEPk, bederen bai gizarte eragileei emanen dien diru laguntzetan. EEPren aurrekontuei so eginez, ordea, gauzak korapilatsuagoak dira. Frantziako Estatuak, Akitaniak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak diru kopuru bera jartzen dute EEPren aurrekontua osatzeko. Brissonek berak azpimarratu zuen abenduan Kontseilu Nagusiak nabarmen igo dituela euskararen aldeko diru partidak. Arazoa ez badago Kontseilu Nagusiaren aldean, Akitaniaren edo estatuaren aldean dago. Norbaitek ezin du edo ez du jarri nahi espero zitekeen diru kopurua, eta horrek ez du bertzeen bidea errazten.
Abendurako itxi nahi zuten EEPren berritzea. Brissonek berak adierazi zuen aurrekontua «azkarki emendatzea» espero zuela. Frantziako ikuskariek zorionak eman dizkiote EEPko buruari, eta ohar nagusi bat egin. Hizkuntza politika eremu zabalegia da, eta lau langile gutxi xede hori aitzinera eramateko. Lau langiletik hamabira pasatzeko xedea zeukan EEPk. Langileen hautaketa ere egina da.
Baina egutegia aldez aurretik iragarrita dago, eta hartu den gibelamenduak erakusten du gauzak ez direla adierazi nahi diren bezain errazak. Lasaitasuna ekarri nahi izan du Brissonek, azalduz EEPren administrazio kontseilua bihar bilduko dela urteko aurrekontua onartzeko bertzeak bertze. Eta argi azaldu du gertatzen dena. «Eztabaidan ari gara Akitaniarekin eta estatuarekin. Eta ez da eztabaida bukatzen».
2011-2016rako indarberritua agertu nahi zuen EEPk. Azken aurrekontuetako kopuruak eman ondoren, beranduago emendatzea delibera dezake administrazio kontseiluak. Baina ezin du gorde egituran edo, bederen, guztien artean finkatu egutegian disfuntzioren bat egon dela.
Hitzarmen ofizialek ere badute «presa» sentsazioa. Testu batzuetan Ipar Euskal Herria aipatzen da, bertze batzuetan Frantziako Euskal Herria. Testu idatzian ez dago ahozkoan dagoen askatasuna, eta, erakunde publikoei dagokienez, deigarria da nahasketa.
Lege proposamena
Hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamena sostengatuko duen galdetuko diote bihar diputatuek Frederic Mitterrand Frantziako kultura ministroari. «Legeak ez du konponduko euskararen arazoa, baina bederen laguntza ekarriko dio, eta eskaria sostengatzen dut», erran du Brissonek.
Ezohikoen maratilaz osatu da ehuna
EEPren egitura nolakoa izanen den argitu gabe dago oraindik; publikoki ez dute oraindik erakutsi EEPren osoko aurrekontua, ezta haren buruan aldaketarik egonen den. Eragileentzako funtsa bai, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu