Arabako ezker abertzaleak Abian hausnarketa prozesuaren bigarren faseari ekingo dio. Hala, eztabaida aldia jarriko dute martxan . Herriz herri militanteen iritziak bildu ostean, “fase erabakigarriariari” emango diote hasiera; “eztabaidak eman eta erabakiak hartzekoa unea” izango baita, azaldu dutenez.
Joan den urteko azaroan plazaratu zuen ezker abertzaleak Euskal Herria zutik eta abian dokumentua, eta horrekin batera jarri zuen martxan Abian hausnarketa prozesua, epe luzerako estrategia definitzeko helburuarekin. Orduz geroztik, herriz herri ari dira militanteen proposamenak jasotzen.
Arabari dagokionez, 500 lagun baino gehiagok izan dute lehen fasean parte hartzeko aukera, Oihana San Vicente eta Unai Gonzalez bozeramaileek adierazi dutenez, eta guztira, 100 ekarpen baino gehiago jaso dituzte idatziz. “Denetariko iritziak” izan direla eta, lehen fase “oparoa” izan dela azpimarratu dute. Ildo horretan, joan den asteburuko espetxeetara egindako martxan, Arabatik lau autobus irten zirela ere nabarmendu dute.
Hori horrela, eztabaida faseari ekingo diote igandetik aurrera. Horretarako, 35 batzar antolatu dituzte datozen bi asteburuetarako. Ezker abertzaleak “seigarren martxa” sartu nahi du estrategia aldaketan eta horretarako, auzo eta herrietako batzarretan parte hartzera deitu du kide oro. Azpimimarratu dute, “esfortzu berezia” egingo dutela espetxeetan eta erbestean dituzten kideei hitza eman eta haien iritzi eta ekarpenak ere jasotzeko.