ETAri ez zitzaion gustatu Bateragune auzian epaitzen ari direnetako batzuek ezker abertzalean sustatu zuten eztabaida. 19.242 perituaren arabera, erakunde armatuak ulertu zuen «ETAren eztabaida zela, baina ETA gabe». Estrategia armatua baztertzeko eztabaida egitea «ETAri bakarrik» zegokiola uste zuen erakunde armatuak, auziko peritu nagusiaren iritzian, eta horregatik, eztabaida galarazten saiatu zen. 19.242 zenbakidun Espainiako Poliziako agenteak esan zuen hori atzo epaiketan. Bera da akusazioen peritu nagusia; antzeko beste hainbat epaiketatan egon zen berbera. Baina akusazioen argudio nagusia oinarririk gabe utzi zuen. Eztabaida ETAren aginduz sustatu zuten auzipetuek, akusazioen arabera, baina ETAren aginduak jarraitzen ari baziren, ez du zentzurik erakunde armatua eztabaidaren zentzuarekin kritiko agertzeak.
ETAk eztabaidaren kontrako iritzia agertzen duen testua Ainara Oizi atzeman zion Poliziak, Amaia Zabaletaren etxetik zeramala. Komunikazio Orokorra izeneko txostena da, eta han, ETAk norbaiti agintzen dio Argitzen ponentziaren eztabaida geldiarazteko. Epaitzen ari direnetako batzuek osatu zuten Argitzen txostena. Perituak ez zuen argitu geldiarazi zuen edo ez, eta epaiketan argi gelditu da txosten horrekin egin zutela eztabaida.
Zabaletak azaldu zuen txosten hori neska batek eman ziola, jakin zezan zer gertatzen ari zen. Akusazioen arabera, ordea, ETAk Zabaletari bidali zion, eta 19.242 perituak ere horri eutsi zion atzo, ETArekin lotura egiteko.
Txosten eta agirien gaineko interpretazioa azaldu zuen akusazioen peritu nagusiak, bi orduko azalpenean. Beste era batera interpretatu daitezkeen arren, akusazioa egiteko moduan interpretatuta azaldu zituen. Frogarik ez zuen eman, interpretazioak baizik, eta Auzitegi Nazionaleko beste epaimahai batzuek esana dute interpretazioekin bakarrik ezin dela inor zigortu.
Epaituek ere arretaz entzun zituzten 19.242 perituaren azalpenak, eta, erantzuteko modurik ez zuten arren, nabarmena zen peritua kontatzen ari zenarekin ez zeudela ados. Buruarekin ezetz behin eta berriz egiten zuen, esate baterako, Arnaldo Otegik.
Epaitutakoak ETAren izenean ari direla esateko argudio nagusia da erakunde armatuaren eta ezker abertzalearen helburuak berdinak direla, perituaren esanetan. Biek bilatzen zuten indar abertzaleen metaketa, beraz, horregatik, eta «ildoa beti ETAk gidatzen duelako», ETAren aginduz ari zirela dio.
Hain justu, auzipetuek eta lekukoek epaiketan esan dute Otegik eta Argitzen txostena osatu zutenek indar metaketa indarkeria dagoen bitartean ezin dela egin defendatzen zutela, eta horregatik zituztela «jarrera erabat kontrajarriak» ETArekin. Atzo deklaratu zuen perituaren arabera, estrategia armatuaren «etenak» proposatzen zituen ETAk, indar metaketa egiteko, eta hori adostuta zeukaten epaitzen ari direnekin. Otegik bere deklarazioan esan zuen hori egitea «buruaz beste egitea» izango litzatekeela ezker abertzalearentzat, sinesgarritasun guztia galduko zukeelako.
Mahai nazionalik ez
Batasunaren Mahai Nazionala berregituratzea ere egozten diete akusazioek epaitzen ari diren zortzi lagunei. 19.242 perituak esandakoaren arabera, ordea, hori ez da posible. 2007ko azaroan Seguran egin zuten operazioan desegin zuten Mahai Nazionala azkenekoz, bere esanetan, eta ordutik ez da berriz osatu.
Ez zuen xehetasun handirik eman 19.242 poliziak, eta Vicente Gonzalez Mota fiskalak ere ez zion askorik eskatu. Galdera orokorrak egin zizkion. Gaur eskatuko dizkiote xehetasunak defentsek.
'Bateragune auzia'. Epaiketa
Eztabaidaren muina ez zela ETAren gustukoa aitortu du peritu nagusiak
Txosten eta agirien interpretazioarekin osatutako tesiaren berri eman du Espainiako Poliziako 19.424 kideakAkusazioek galdekatu zuten atzoko saioan, eta gaur defentsen txanda izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu