Eztul eta eztul, kukutxeztul

Kukutxeztula arnas gaixotasun kutsakorra da. Ohiko hotzeria dirudi hasieran, baina arnasteko zailtasunak eragin ditzake aste batzuen buruan. Arriskutsuagoa da bularreko haurrentzat.

Bi pertsona eztulka. FREEPIK
Bi pertsona eztulka. FREEPIK
nerea intxausti
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Kukutxeztula duenak, hasieran, erraz usteko du hotzeri soil bat hartu duela, baina ondorengo asteetan jabetuko da hori baino gehiago dela. Eztul lehorrak eta bortitzak erasango dio gaixoari, eta arnasa hartzeko zailtasunak izango ditu, kasurik okerrenean. Arnasbideko gaixotasun horrek izen berezia du, eta diagnostikoak ere halako arreta eskatzen du.

Kukutxeztul kasuek nabarmen egin dute gora otsail hasieratik hona Hego Euskal Herrian. Dena dela, Pello Latasa Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Behaketa Epidemiologikoko arduradunaren esanetan, kasuen gorakada «ez da aparteko ezer», eta COVID-19aren pandemiaren aurretik baino kasu gutxiago daude orain.

Hona hemen gaixotasunaren nondik norakoak argitzeko galderak eta erantzunak: 

Nola jakin daiteke ohiko eztula dirudien hori kukutxeztula den?

Kukutxeztula arnas gaixotasuna da. Hotzeri soila dirudi hasieran, eta zaila izaten da beste infekzio batzuetatik bereizten. Latasa epidemiologoak jakinarazi du arnas sekrezioekin kontaktu zuzena izateagatik edo gaixo dagoen norbaiten listu tanten bidez transmititzen dela, eta oso erraz kutsatzen dela. Sintomak Bordetella pertussis bakterioekin kontaktuan egon eta bost eta hamar egun bitartean agertzen dira, eta bi fasetan garatzen dira.

Lehenengo faseak astebete eta bi aste artean iraun dezake, eta orduan nahas daiteke ohiko hotzeria batekin: sudurreko kongestioa eta muki jarioa, eta noizbehinkako eztul arina eragiten ditu, eta sukar pixka bat. Zaila da diagnostikatzen: zenbat denbora irauten duen, horixe baita hura bereizteko modua.

Eraginik larrienak bigarren fasean agertzen dira: eztul lehorra eta paroxistikoa eragiten du, hau da, bat-bateko eztul bortitza eta jarraitua; gonbitoak edo arnasa hartzeko zailtasunak ere eragiten ditu batzuetan. Arnasa hartzeko zailtasuna izaten dute kutsatuek, kasurik okerrenetan. 

Sintomek asteak edo hilabeteak irauten dutela ohartarazi du Latasak eta, ondoren, pixkanaka baretzen direla. Bitartean, antibiotikoa agindu ohi dute medikuek. Kukutxeztula kutsakorra da sintomak hasi eta 21 egun igaro arte, edo tratamendu antibiotikoa hasi eta bost egun igaro arte. Kutsatzerik ez izateko, ahalik eta kontaktu gutxien izan behar da beste pertsonekin.  

Gaixotasun larria da?

Kukutxeztulak adin guztietako herritarrei eragin diezaiekeen arren, arriskutsuagoa da bularreko haurrentzat: arnasketari lotutako beste sintomez gain apnea aldiak izan ditzaketela jakinarazi du Latasak. Are arriskutsuagoa da immunizatu gabe dauden urtebete baino gutxiagoko haurrentzat.

Zergatik egin dute gora kasuek Hego Euskal Herrian?

Espainiako Epidemiologia Zentroak, Karlos III.a Osasun Institutuaren bidez, gaixotasunaren egoeraren berri ematen du astero. Datu horien arabera, Hego Euskal Herrian otsail hasieran egin zuen gora kasu kopuruak, eta kopuru antzekoak izan dira hurrengo hilabetean ere. Epidemiologoak ziurtatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jende asko dagoela txertatuta, baina, hala ere, hainbat «gailur epidemiko» izan direla. 

Igoera hori azaltzeko hainbat hipotesi ditu Latasak: batetik, immunitateak gutxi irautea infekzioaren eta txertoa jarri ondoren; bestetik, birusaren aldaketa antigenikoak (mutazioak); eta, azkenik, gaur egun PCR teknika eskuragarriago egotea diagnostikatzeko tresna gisa, hau da, kasu gehiago atzematea. Hala eta guztiz ere, argitu du oraingo datuek ez dituztela gainditzen pandemia aurrekoak, alegia, ordukoak baino apalagoak dira: «Ez da aparteko ezer. Aurtengo eta iazko kopuruak 2019koak baino zertxobait handiagoak dira, baina 2014tik 2017ra bitartekoak baino apalagoak». 

Lehendik izan da halakorik?

Latasak oroitu du 2011n izan zela lehen aldiz kukutxeztularen kasuen gorakada bat, eta ordutik hona hainbat tontor izan direla: 2015ean, 2017an, eta txikiago bat 2019an. Pandemia garaian askoz kasu gutxiago izan ziren, eta iaz gora egin zuten berriro, Gipuzkoan lehenik, Bizkaian eta Araban ondoren.

«Ikusteko dago oraindik gaixotasunak pandemia aurreko patroia berreskuratuko duen edo beste bat hartuko duen».

PELLO LATASA Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Baheketa Epidemiologikoko arduraduna
Pello Latasa. IREKIA
Pello Latasa. IREKIA

Iritzi dio garrantzitsua dela hainbat erkidegotan zaintza epidemiologikoko protokoloa nola aplikatzen den kontuan hartzea ere: «Batzuetan haur txikien kasuak soilik jasotzen dira, eta, gure erkidegoan eta beste batzuetan, adin talde guztietako gaixotasunaren datuak biltzen ditugu». Gaineratu nahi izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diagnostiko epidemiologikoaren sistema oso zehatza dela, eta «sentsibilitate handia» duela kasuak detektatzeko orduan.

Txertoa eraginkorra al da?

Kukutxeztula prebenitzeko neurririk eraginkorrena txertoa hartzea da, Latasaren esanetan, hala frogatu baita kukutxeztul larria izan duten haurren artean. Euskal Herrian nahitaez jarri behar dute haurrek; Hegoaldean haurdunek ere beharrezkoa dute; Iparraldean, berriz, gomendioa da. 

Haurdunaldi bakoitzean txertoaren dosi bat ematea gomendatzen dutela esan du epidemiologoak, 27. eta 36. asteen artean, jaioberriak kukutxeztularen aurka babesteko. Azaldu du babes horrek kukutxeztularen aurkako txertoaren lehen dosia hartzen duen arte balioko diola. «Babes bikoitza ematen da horrela: ama babesten da, eta jaioberria ere bai».

Jaio berritan ematen zaio haurrei txertoaren dosi bat, 2 eta 4 hilabeterekin ; ondoren, 11 hilabeterekin eta 6 urterekin oroitzapen dosia jasotzen dute —Iparraldean 11 eta 13 urte bitartean ere hartzen dute beste bat—. Txertoek eta oroitzapen dosiek immunitatea iraunaraztea dute helburu, infekzioa gutxiago transmititu dadin. Ziztadak nabarmen apaltzen du gaixotzeko arriskua: eraginkortasuna %80-85 bitartekoa da. Are, kukutxeztularen sintomak arinagoak izaten dira txertoa hartua duten horien artean. 

Zer garapen izango du gaixotasunak hemendik aurrera?

COVID-19ak eragindako pandemiaren aurreko urteetan, kukutxeztulak urtaroko patroi bat zuen, eta udaberrian eta udan kasu gehiago izaten ziren, epidemiologoak azaldu duenez. Iaz, baina, eredu hori aldatu egin zen, eta urtearen bigarren erdian nabarmen ugaritu ziren kasuak. 

Epidemiologoak ez du argi zer-nola garatuko den gaixotasuna: «Zaila da esaten infekzioak zer portaera izango duen; ikusteko dago oraindik gaixotasunak pandemia aurreko patroia berreskuratuko duen edo beste bat hartuko duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.