'Faisan auziko' oinarri juridikoak zalantzan jarri ditu Rubalcabak

Ramon Jauregik dio autoa «astakeria» dela eta «zantzuetan eta espekulazioetan» oinarrituta dagoela

Erredakzioa
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcabak, PSOEko presidentegai eta Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiak, zalantzan jarri ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek herenegun Faisan auziari buruz kaleratutako autoaren oinarri juridikoak. Haren ustez, argudio nahikoak badaude esateko Faisan auziak «akats juridikoak» dituela.

Ruz epaileak Espainiako Poliziako hiru buruzagi auzipetu ditu, tartean Victor Garcia Hidalgo Espainiako Poliziako buru izandakoa, «erakunde terrorista laguntzea edo ezkutatzea» eta «sekretuak jakinaraztea» egotzita. Rubalcaba Barne ministro zen ustez gertaerak izan zirenean. Autoaz galdetuta, Rubalcabak esan du auzia ez zela existituko bera Barne ministroa izan ez balitz, eta gogorarazi du Faisan tabernako polizia operazioa bigarrenean gauzatu zela eta ETAko ustezko kide guztiak atxilotu zituztela. «Hau existitzen bada, ni existitzen naizelako eta hautagai naizelako existitzen da», salatu du.

Ez dela «ezertaz» damutzen gaineratu du, eta berretsi du PPk jakin badakiela berak ez duela zerikusirik auziarekin, Barne Ministeriora iritsi berria baitzen gertatu zenean. Hala, PPri egotzi dio Faisan auzia erabiltzen aritzea ETAren kontra egin den borroka «desitxuratzeko».

Espainiako Gobernuak ere kritika gogorrak egin dizkio Ruz epailearen autoari. Ramon Jauregi Presidentetza ministroak «astakeriatzat» jo du autoa, uste duelako «zantzuetan eta espekulazioetan» oinarrituta dagoela. Haren ustez, «ulertezina da bizitza osoa ETAren aurka borrokatzen dabiltzanei eta terrorismoaren biktimak direnei ETA laguntzea leporatzea». Rubalcabaren alde ere egin du Jauregik: «Barne ministroak lan egin du hobekien ETAren aurka».

Rubalcabaren aurka

PPk, baina, berriro jo duRubalcabaren aurka. PPko bozeramaile Soraya Saenz de Santamariak berretsi du Espainiako gobenuburu izateko gaitasunik gabe eta herritarren konfiantza eskatzeko eskubiderik gabe uzten duela autoak. Haren ustez, gizarteari azalpenak eman behar dizkio Rubalcabak, eta auziaren ardura bere gain hartu.

Antzera mintzatu da Iñaki Oiarzabal, EAEko PPko idazkari nagusia, adierazi baitu Rubalcabaren hautagaitza «kolokan» geratu dela, haren talde osoa «susmopean» denez gero.

IUk eta EAJk, berriz, autoa arbuiatu dute, uste dutelako sinesgarritasunik ez duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.