Larunbatean, Bilbon, beste manifestazio bat egingo dute Sortu legeztatzearekin lotuta. Aurrekoa otsailaren 19an izan zen, Sortuk legeztatzeko estatutuak aurkeztu ondoren. Orduan, deitzaileak hainbat pertsona ezagun izan ziren; orain, Gernikako Akordioa sinatu duten eragileak. Otsailekoa Sorturen legeztatzea bultzatzeko izan zen. Datorren larunbatekoa Auzitegi Gorenak legeztatzearen kontra hartutako erabakiagatik protesta egiteko eta «legeztatzea eta jarduera politiko normalizazioa aldarrikatzeko» izango da. Azken hilabeteetan, ugari izan dira mobilizazioak eta manifestazioak. Irailaz geroztik, gutxienez nazio mailako sei manifestazio jendetsu burutu dira fase politiko berriarekin lotuta. Horiez gain, beste hainbat egin dira lurralde eta eskualde mailan. Argi dago fase politiko berriaren ezaugarrietako bat herritarren mobilizatzeko gaitasuna dela.
Nazio mailako manifestazioak nahiko jarraian izan arren, erantzun handia izan dute herritarren aldetik. Parte hartzea aldakorra izan bada ere, Bilbon egin direnetan, adibidez, ez da inoiz arazorik izan Autonomia kalea betetzeko milaka lagunekin.
Atxiloketak eta presoak
2010eko uda osteko lehen manifestazio nazionala irailaren 11rako zegoen antolatuta uztailetik, eskubide zibil eta politikoen alde, Adierazi EH plataformak deituta. Baina manifestazioa egin baino egun batzuk lehenago, irailaren 5ean, ETAren iragarpena iritsi zen, jarduera armatua etenik zegoela zioena, eta, hori ikusirik, estatu agintariek Adierazi EHren manifestazioa debekatu zuten, baita beste pertsona batzuek deitutakoa ere.
Hala ere, manifestazioa egin egin zen, 2010eko urriaren 2an, Giza eskubideak eskubide zibil eta politikoa. Ez manifestazioen debekuei. Ez inposiziorik, ez indarkeriarik lelopean. Jendetsua izan zen; milaka lagun bildu ziren Bilbon. Handik lau astera, milaka lagun bildu ziren Donostian, torturaren kontra. Mikel Zabalzaren heriotzaren 25. urteurrenaren eta Portuk eta Sarasolak egindako tortura salaketetan oinarritutako epaiketaren inguruan izan zen manifestazioa. Izan ere, atxiloketen eta torturaren kontrako mobilizazioak konstante bat izan dira fase berrian. Aspaldiko ohiturazko erantzuna izan da sarekaden kontra tokian tokiko mobilizazio eta manifestazioak antolatzea. Gernikako Akordioa sinatu zenetik, erantzun hori era bateratuan antolatzen hasi da, eta ageriko emaitzak izan ditu.
Era horretako mobilizazioen artean, aipatzekoak dira sarekada ezberdinen ostean Iruñean egindakoak. Adibidez, 2010eko azaroaren 20an, gazteen kontrako polizia operazio baten ostean, edo aurtengo urtarrilaren 22an egindakoa, Gernikako Akordioaren itzalean, beste polizia operazio baten ostean.
Urte hasierarekin batera, presoen eskubideen aldeko eta egungo espetxe politikaren kontra manifestazio bat antolatzeko ohitura izan da azken urteotan, baina aurtengoak, fase politiko berrian kokatuta, erantzun berezia izan du herritarren aldetik. Horrez gain, manifestaziotik bi egunera ETAren su-eten orokorra iritsi zen.
Fase politiko berria, mobilizazio garaia
Azken hilabeteetan ugaritu egin dira kalean manifestatzeko deiak. Fase berriaren ezaugarri bilakatu dira asteburuetako mobilizazioak. Gutxienez hilabetean behin, mobilizazio horiek milaka lagun bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu