Espainia krisian. Finantza krisia, langabezia, Kataluniako prozesu subiranista, monarkiaren irudiaren krisia eta alderdi politiko nagusien gailentasuna ere, krisian. Egoera horrek, batez ere PPren eta PSOEren nagusitasunaren beherakadak eta alderdi txikiak izaten ari diren eta datozen hilabeteetan izan dezaketen igoerak, indartu egin du Espainian Koalizio Handi bat sortzeko aukera.
Halakoa izan da gobernua Alemanian azken urteetan, bi alderdi nagusiek hauteskundeen ostean bat eginda. Igandean, aukera hori izan zuen ahotan Espainiako Gobernuko presidente ohi Felipe Gonzalezek. Halako aukerarik posible ikusten ote duen galdetuta, "herrialdeak behar badu, egin behar dute", erantzun zuen Gonzalezek. Gaineratu zuen duela hamarkada batzuk inork ez zuela aukera hori buruan Alemanian, eta urte batzuetara formula hori erabiltzen hasi zirela.
Espainiako hainbat hedabidek argitaratu dutenez, PSOEren barnean halako koalizio bat egitearen aldekoa da, besteak beste, Gonzalez. IBEX 35eko hainbat enpresa ere operazio horren aldekoak lirateke.
Informazio horien arabera, Koalizio Handiaren aukerak Espainiako Gobernuko hautagai izateko PSOE barruan egitekoak diren hauteskundeak ere baldintzatzen ditu, hautagaitzarako izen dantza horretan Alfredo Perez Rubalcaba aurkeztearen aldekoak baitira koalizio hori babesten dutenak. Jarrera finkatu zuen atzo Rubalcabak: "Ni PSOEko idazkari naizen bitartean ez da Koalizio Handirik izango".
Eduardo Madina da hautagai izateko lehia horretan aipatzen den beste bat. Twitterren idatzi du bere iritzia aukera horren inguruan: "Ez dago inolako aukerarik PPrekin gobernua osatzeko. Nire ustez, PSOEk inoiz ez du Koalizio Handi bat osatuko PPrekin".
Cañete, Gonzalezekin ados
Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPko hautagaiak ere ez du baztertu aukera hori, asteburuan eginiko elkarrizketa batean: "Interes orokorrak etorkizunean hala eskatzen badu, ez dut baztertzen PP-PSOE koalizio handi bat".
Carlos Iturgaitz PPko europarlamentariak ere balizko Koalizio Handiaz hitz egin du. Uste du PPk eta PSOEk "batuta" egon behar dutela, adibidez, Espainiaren batasuna defendatzean, baina uste du ez dela beharrezkoa koalizioak egitea, "printzipioak argi izatea baizik".