Juan Carlos I.aren arotik Felipe VI.arenera lehenbailehen igaro nahi du Espainiako Gobernuak, eta horretarako urratsak gaur bertan hasi ditu. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuenez, ezohiko gobernu kontseilua egin dute gaur, eta Ondorengotza Legea onartu dute. Kongresuko Mahaiak lege organikoa bideratu du ondoren, eta legea bozkatuko dute datozen egunetan.
Espainiak ez du ondorengotza arautzeko legerik oraindik, eta, beraz, egun batzuez luzatuko da Felipe Borboikoa errege izendatzeko unea. Nolanahi ere, urgentziazko bidetik landuko dute araua.
Datorren astean egingo dute legea bozkatzeko osoko bilkura, eta gehiengo absolutua beharko du aurrera egiteko. Ekainaren 11n egingo dute eztabaida Kongresuan, 09:00etatik aurrera. Ondoren, datorren astean bertan Senatuan bozkatuko dute araua, behin betiko onar dezaten. Lege organikoak ez du arazorik izango aurrera egiteko, PPk gehiengo absolutua izateaz gain, PSOEren babesa izango duelako. UPDk ere alde bozkatzea espero da.
Prozedura horren arabera, ekainaren 18an izendatuko dute Felipe VI. Espainiako errege.
EAJ, abstentziora; Amaiur, bozkatu gabe
Kongresuko bozketan EAJko abstenitu egingo dela iragarri du Aitor Esteban diputatu jeltzaleak. Azaldu duenez, lege organikoaren kontra bozkatzea abdikazioari ezetz esatea izango litzateke, eta, beraz, Juan Carlos I.ari estatuburu izaten jarrai dezala eskatzea. Halaber, EAJk azaldu du ezin duela alde bozkatu, uste baitu monarkia "gaindituta" dagoela. Amaiurrek arratsaldean jakinarazi du eztabaidan parte hartuko duela; ez, berriz, bozketan: "Ez dagokigu guri espainiarren estatu eredua erabakitzea".
Espainiako erregeak atzo eman zuen abdikatzeko asmoaren berri. Konstituzioko 57.5 artikuluaren arabera, lege organiko baten bidez arautu behar dira abdikazioak. Legea motza izatea espero da. Halaber, zehazteke gera daiteke, besteak beste, zein izango den Juan Carlos I.aren eginbeharra aurrerantzean.