Alicia Puleo. Ekofeminismoan aditua

«Feminismoa ari da ulertzen ekologian pentsatzea eskatzen dutela garai hauek»

Estereotipoen bidez andreei ezarri dizkieten balioak erreferentzia gisa hartu, eta ingurumenaren alde egiteko baliatzea da ekofeminismoaren ideia. Erabat zabaltzeko dago. Feministengan ere errezeloa sortzen du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Leioa
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Emakumeei historikoki lotu izan zaizkien balioak orokortu eta ingurumenaren mesedetan erabili. Hara ekofeminismoaren eskaintza, Alicia Puleoren esanetan (Buenos Aires, Argentina, 1952). Ekofeminismoa, animaliak eta zuzenbidea izeneko jardunaldietan izan zen atzo, EHUn, Leioan.

Ekofeminismoa: ekologia feminismoan, ala feminismoa ekologian?

Feminismoaren barneko kontzientzia ekologikoa da ekofeminismoa. Berdintasun harreman eta sexuen arteko errespetu gisa ulertzen dut feminismoa. Batzuek esaten dute: «Ni ez naiz ez feminista ez matxista». Pentsatzen dute matxismoaren gisakoa dela feminismoa. Nik uste sexu bat ez dela bestea baino gehiago. Hala, ekofeminismoa da ingurumenarekiko kezka, genero ikuspegitik. Errealitatearen azterketa egiten du, naturarekiko harremanetan kalte egiten diguten estereotipoei erreparatuta.

Orain arte ekologismoak ez du behar adina hartu aintzat generoen arteko banaketa hori?

Alderdi berdeak, alemaniarrak aitzindari zirela, lehenak izan ziren gizonak eta emakumeak kopuru berdintsuetan zituzten zerrendak egiten. Ekofeministak ziren kide asko, Petra Kelly buru. Hark alderdikideei esaten zien ekologistak zirela baina oso kontuan izan behar zituztela berdintasunezko harremanak. Hori hor dago. Baina litekeena da urteekin hori galtzen joan izana.

Historiari erreparatuta, gizonek eragin dituzte natur hondamendiak.

Estatistikoki bai, baina indibiduoka ez. Badaude ingurumenari kalte handia egin dioten emakumeak ere. Ikerketa batzuk egin berri dituzte, gizonen eta emakumeen aztarna ekologikoari buruzkoak. Gauza interesgarriak azaleratu dituzte. Batzuetan, genero estereotipoek eragina dute aztarna ekologikoan. Adibidea: emakumeek gehiago erabiltzen dute garraio publikoa, gizonek garrantzi handia ematen baitiote autoak ematen dien botere irudiari.

Horiek horrela, zer ekarpen egin diezaioke ekofeminismoak ekologiari?

Ekologiak oro har ez duen irakurketa bat eskain dezake. Generoaren ikuspegitik egindako irakurketa bat. Natura zaintzeko lanak emakumeek egiten dituzte batez ere; kasurako, birziklatzea. Zergatik? Ez emakumeak hobeak direlako, baizik eta haiek arduratzen direlako etxeko lanak egiteaz eta. Sentimenduen aldetik ere badago zeregina. Historikoki, gizonen identitatea eraiki da femeninotzat jotzen ziren ezaugarriak baztertzearen poderioz: amarekin lotutako ezaugarriak, zaintzarekin zerikusia dutenak... Gizonen identitatea eraikitzean, nerabe mutilek gizontasuna frogatu behar dute, maiz, indarkeria erabiliz. Erakutsi behar dute ez direla sentiberak. Eraikuntza patriarkal tradizionalean, gizonak bere barruan hil behar du emakumeekin partekatzen duen hori guztia. Hori, krisi ekologiko garai honetan, oso larria da. Galtzen den giza baliabide bat da hori, eta berriro sustatu behar da. Naturaren zaintza unibertsalizatu behar da.

Andreek zaintzen dute natura gehiago, hain zuzen, patriarkatuak ezarritako rolagatik. Feminismoak ez al du, bada, egoera hori gainditu nahi?

Berdintasunaren feminismoa defendatzen dut nik. Adibidez, emakumeei historikoki armak erabiltzea galarazi zaie. Nik ez dut defendatzen esatea emakumeei armak ez erabiltzeko eta, aldi berean, gizonei ezer ez esatea. Proposatzen dena da jardun horiek, kultura patriarkalak gizonei ezarri dizkienak, ez egitea ez gizonek ez emakumeek. Aldaketa sustatu behar da, berdintasunezko kultura ekologiko batera egiteko. Horrek sortu behar ditu biolentoak ez diren pertsonak eta badakitenak bizitza sare batean bizi direla eta hori zaindu behar dutela.

Badaude uste dutenak ekofeminismoa atzerapausoa dela, patriarkatuak emakumeei ezarri dizkien rolak hartzen dituelako kontuan.

Kritika hori egin du feminismoak orain gutxira arte. Orain arte, ekofeminismoaz hitz egiten bazenuen feministen artean, erreakzio negatiboa sortzen zen. Ekofeminismoa lotzen zutelako lehen ekofeminismoarekin. Lehen garaietan, esentzialista zen ekofeminismoa: defendatzen zuen emakumeak, esentziagatik, gertuago zeudela naturatik, ia biologikoa zela hori. Gaur egun, teoria sofistikatuagoak eta eraikitzaileagoak ditu ekofeminismoak. Nire planteamendua da ekofeminismo kritikoa. Ez dut inolaz ere defendatzen atzera egitea, eta ez ditut emakumeak ekosistemaren aingerutzat jotzen. Errealista izanda, ez direlako hala emakume asko. Azken batean, litzateke balioa gutxituta dagoen horri balioa handitzea —femeninotzat jo diren balioez ari naiz: zaintza, emozioak, gertutasuna, enpatia...—, zaintza balio horiek unibertsalizatzea, naturan zabaltzea, eta zientzian eta teknologian arreta printzipioa aplikatzea egiaz. Alegia, ez da nekazaritza giroko iragan urrutiko batera itzultzea, baizik eta ulertzen saiatzea produkzio eta iraupen modu berriak ez doazela bide egokian eta badaudela modu egokiagoak.

Emakumeei egotzi zaizkien balioak herritar guztiek egitea bere, azken batean.

Balio horiek naturari begira jartzea martxan, eta ez soilik emakumeek, baizik eta gizonek eta emakumeek. Azken batean, emakumeei lotu zaizkien balio horiek unibertsalizatzea. Hori nire ustea da. Ekofeminismoak asko daude. Hori nire planteamendua da.

Eta feminismoa ari da onartzen ideia horiek?

Oraindik sortzen ari da ekofeminismoa. Ari dira ekofeminista gazte batzuen taldeak eratzen. Atentzioa ematen dit horrek. Feminismoa lehen baino beligerantzia gutxiagoz hartzen ari da mugimendu horiek. Beharbada, ari da ulertzen egungo garaiek ekologian pentsatzea eskatzen digutela. Feminismoa beti interesatu izan da garaiko auziei buruz. Krisi ekologikoa, klima aldaketa eta horrelakoak saihetsezinak dira. Baita negoziazio prebentibo gisa ere. Nola antolatuko da gauzak hartu eta berehala bota egiten dituen gizarte bat? Bideraezina da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.