Erromako egoitzan sartu dira hamabost bat herritar Lander Fernandez Arrinda preso bilbotarrari babesa adierazteko asmoz. Haren aldeko komunikatu bat argitara eman zezan eskatu diete agentziako kazetariei, Europa Press agentziak egin duen kontakizunaren arabera. Asturiasko printzeen koadro bat kendu, telefono batzuk erauzi eta hika-mika izan da kazetarien eta ekintzaileen artean, hango langileek esan dutenez. Tentsio unerik handiena presoen aldeko zapia jartzen saiatu direnean gertatu da.
Gaur egun Madrilgo Estremera espetxean dago. Italiatik Espainiara apirilean estraditatu zuten, Italiako Auzitegi Gorenak hala erabakita. Italiako Polizia bilbotarra atxilotzera joan zen Erromako bere etxera, baina ez zuen lortu, etxeko atarian 60 lagunek oztopatu baitzuten hura atzematea. Etxe barruan ere beste 30 bat lagun batu ziren, tartean bere abokatua eta bi parlamentari. Poliziarekin negoziatzen aritu ondoren, abokatuaren autoan eraman zuten polizia etxera.Italiako Auzitegi Gorenak etxeko atxiloaldia ezarri zion ia urtebete lehenago.
Elkartasun sarea Erroman
Urtarrilaren 15ean onartu zuen Erromako Auzitegiak Fernandezen estradizioa, baina bilbotarrak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Zehazki, bi helegite aurkeztu zituen: bata, Europako Giza Eskubideen Auzitegian, prozedura blokea zezala eskatzeko, eta, bestea, Administrazio Auzitegian, Justizia ministroaren balizko erabakia geldiarazteko. Orduan Fernandezek BERRIAri adierazi zion Erromako Auzitegiak Espainiaren eskaera atzera botako zuen esperantza zuela, hein handi batean, Erroman sortu den elkartasun sareak egindako lanagatik.
Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismo delitua leporatzen dio Fernandezi. 33 urte ditu, eta iazko ekainaren 16an atxilotu zuten. Auzitegi Nazionalaren arabera, ihes eginda zegoen Fernandez, nahiz eta 2011ko uztailaren 8an Getxoko jaietan euskal presoen aldeko elkartasun zozketarako txartelak saltzeaz absolbitu zuten. ETA finantzatzen laguntzea leporatuta Auzitegi Nazionalak jarri zion hiru urteko zigorra kendu zion Gorenak orduan.