"Terrorismoaren biktimekiko eskerra eta haien omenaldia etengabea eta iraunkorra izango da". Hala ziurtatu du Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Espainiako Poliziak Ziudadelan jarritako erakusketan. ETAk hildako poliziak omendu dituzte horrela, eta Fernandez Diazek adierazi du "ETAren terrorismoaren porro ekartzeko ezinbestekoak" izan zirela polizia haiek.
Barne ministroa ez ezik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Alba eta Nafarroako Gobernuaren bozeramaile Ana Ollo ere izan dira erakusketaren inaugurazioan. Ollok esan du "biktimak dauden lekuan, eta gonbidatzen gaituzten tokian" egongo dela gobernua.
Azaroaren 1era bitarte iraungo du erakusketak. Nafar Telebistak nolako erakusketa izango den aurreratu du bideo batean. Hainbat arma eta lehergailu jarriko dituzte ikusgai, besteak beste.
[Youtube]https://youtu.be/U_fLqvNrM-0[/Youtube]
Poliziaren biktimen salaketa
“Ezin dugu onartu polizia indarkeriaren apologia egitea, eta are gutxiago eraikin publiko batean”. Aitziber Berruetak, 2003an Espainiako polizia batek eta haren semeak eraildako Angel Berruetaren alabak, gaitzetsi egin du gaur Ziudadelan inauguratuko den erakusketa. “Bakea aldarrikatu nahi dugu, baina goraipamen politikorik egin gabe. Ez dugu nahi Iruñea polizia indarkeriaren hiri bihurtzea”.
Gaur eguerdian indarkeria polizialaren biktimak Nafarroako Arartekoari eskatu diote erakusketa bertan behera uzteko. “Saiatuko gara; zaila dago, erakusketa inauguratzear dagoelako, baina ez dugu besoak gurutzatuta geratu nahi, eta garrantzitsua litzateke Arartekoak posizionamendu argi bat ematea”.
Bileran izan dira, besteak beste, 2009an torturak salatutako Itxaso Torregrosa, 1978ko sanferminetan polizia batek tiroz hildako German Rodriguezen anaia Fermin, Jose Luis Canoren hilketaren memoria ikertzen dabilen Ahaztuak elkarteko Karlos Otxoa, poliziek hildako Mikel Castilloren arreba Begoña Castillo, 1991ean polizia batek aurpegian zauri larriak eragin zizkion Mikel Iribarren edo 2012an pilota baten ondorioz begi bateko ikusmena galdu zuen Aingeru Zudaire gaztea.
Iribarrenek aurpegia erakutsi die kamerei, kolpeek eragindako zauriak nabariak direlako. “Irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio du”. Gertaera ekarri du gogora: “17 urteko mukizu bat besterik ez nintzela, zigor gabezia osoz eta bere gizontasuna erakutsi nahirik, polizia batek subfusil batekin aurpegia lehertu zidan eta gero lurrean nintzela kolpeka jarraitu zuen. Eta horren aurrean, zer? Hori ez da biktima izatea?”.
Urriaren 30ean erakusketa egingo den armen aretoaren aurrean elkarretaratzera joateko deia egin dute. Gatazka politiko bat, biktima guztien aitortza, konponbide bat, denok irabazle lelopean egingo da elkarretaratzea.
Erakusketa polemikoa
Espainiako Poliziak "terrorismo ekintzetan" hildako 186 poliziari gorazarre egiten dien Askatasunaren garaipena izeneko erakusketa zuen hitzartua aurreko UPNren udalarekin urriaren 19tik azaroaren 2ra arte, Ziudadelako Armen Aretoan egiteko. Haatik, abuztuan aretoen erabilerari buruzko araudia zehaztu ondoren, udal gobernu berriak baimena kendu zion erakusketaren antolatzaileari, Espainiako Barne Ministerioari.
Erakusketa hori Ziudadelan jartzeko baimena bertan behera utzi zuen Iruñeko Udalak, erakusketa artistikoa ez zela argudiatuta. Joseba Asiron Iruñeko alkatearen esanetan, Ziudadela "sormen gunea" izateko akordioa du gobernuak, eta helburua da "sormen artistikorako laborategi" bihurtzea eremua.
Asironek argi adierazi zuen baimena ez emateko arrazoia ez zela proposamena egin duenaren nortasuna (Espainiako Polizia), eta erakusketaren edukia aztertu ostean hartu zutela erabakia. Asironen arabera, beste hainbat hiritan Espainiako Barne Ministerioaren egoitzetan egin izan da —adibidez Bilbon eta Madrilen—.
Iruñeko Administrazioarekiko Auzietako 3. Auzitegiko magistratuak, ordea, arrazoia kendu zion Iruñeko Udalari. Epailearen ustez, aurrez hitzarturik zegoen erakusketa atzera botatzeko interes publiko bat egon behar du. Haren ustez, udalak ez du frogatu halakorik.