Ostiralean izan ziren deklaratzen Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari ohia, Kutxabankek Cabiecesi lotutako abokatu bufete bati eginiko ordainketen harira. PPren eskaera bat onartu eta Cabiecesi lansaria ematea ametitu zuela aitortu zuen Fernandezek.
Deklarazioak entzun ostean, fiskalak epailearen esku utzi du auzia, Fernandez eta Cabieces inputatzeko eskatuz. Rafael Alkorta ere inputatzeko eskatu du, ustez ordainketak kudeatu zituen bufetekoa dela eta.
Urtarrilaren 30ean jakinarazi zuen Kutxabankek entitateko presidente ohia auzitara eramateko erabakia. Abokatu bufete batekin izenpetutako kontratu baten harira salatu dute Kutxabankeko presidente ohia. Cabiecesek bufete horrekin lotura duela-eta, PSE-EEn duen ardura utzi du hark. 243.592 eurokoa da irregulartasuna.
Otsailaren 2an abiatu zuen ikerketa fiskalak, eta hilaren 4an jarri ziren martxan deklarazioak; egun horretan hitz egin zuen fiskalarekin bankuko Giza Baliabideen zuzendari Fernando Lopez de Egilazek.
Cabiecesekin kontratu harremanik ez duela inoiz izan adierazi du ohar batean BBK-k. Efe agentziak BBK-ko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Bizkaiko kutxak argitu du Cabieces Administrazio Kontseiluko kide izan zela 2012. urtea baino lehen.