ELB laborarien elkarteak goizeko hamarretan egin du elkarretaratzea, Baionako suprefekturaren aurrean. AB alderdiak, berriz, hamaiketan Kontseilu Nagusiaren aitzinean, eta leku berean, baina 12:30ean, autonomia galdegin duen abertzale kolektibo batek. Francois Fillon Frantziako lehen ministroak Baionara bisita egin duela-eta antolatu dituzte elkarretaratzeak, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat baliabideak eta erakunde propioak eskatu dizkiote. Jakes Abeberri Miarritzeko (Lapurdi) ABko hautetsiak gutuna eman dio Filloni.
Frantziako Estatuaren eta lurralde erakundeen arteko hitzarmena izenpetzera joan da Fillon. Bi hilabeteko atzerapenaz izenpetu du Frantziak Lurralde Kontratua. Kontseilu Nagusiak Baionan duen egoitzan burutu dute ekitaldia. "Kultur aniztasuna" errespetatuko dutela agertu du lehen ministroak eta "ezberdintasun aberasgarriak" bultzatzeko asmoa dutela.
Fillon ez da zuzenean joan Baionara. Lehenik Donibane Lohizuneko Quick Silver enpresa bisitatu du, eta ondoren Ipar Euskal Herria 2020 hitzarmena izenpetzera joan da. Azkenik Baionako unibertsitate berriaren bisita egin du.
Ipar Euskal Herria 2020 Lurralde Kontratuak 2007-2013. urteetan ukanen du eragina. Orotara 77 operazio bultzatzea du xedea, eta hori lortzeko, 213 milioi euroko aurrekontua ukanen du.
Garapena eta antolaketa
Lurralde antolaketa eta horren garapena bultzatzeko, arlo ugaritan eragin nahi du kontratuak, bereziki ekonomia sailean, enpresen laguntzan, berrikuntza eta ikerketa sailetan, goi mailako ikasketetan, garapen iraunkorraren hedapenean, mugikortasun eskemaren osaketan, osasunean, hizkuntzan, kulturan, mendian eta euskal itsas hegian.
Finantzabideari dagokionez, Estatuak ez ezik, Akitaniak eta Departamentuak ere hartuko dute parte. Gaur egun, egitasmoen aitzinamendua kontuan harturik, 90 milio euro engaiatu dituzte. Ildo horiek garatzeko asmoz, tokiko eragileek funts osagarriak balia ditzakete.
Politika
Fillonen bisitaren harira, hiru elkarretaratze egin dituzte Baionan
ELBk antolatu du bat, ABk bestea, eta abertzale talde batek hirugarrena. Euskal Herrian 2020 egitasmoaren baitan 2007-2013 Lurralde Kontratua izenpetzera joan da Baionara Frantziako lehen ministroa. "Kultur aniztasuna" eta "ezberdintasun aberasgarriak" aipatu ditu. Ipar Euskal Herriarentzat baliabideak eta erakunde propioak eskatu dizkiote elkarretaratzeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu