Hezkuntza

Filosofia aurrerantzean ere derrigorrezko irakasgaia izatea eskatu dute irakasleek

Hezkuntza erreformek irakasgaiari eragindako kaltea salatu dute.

aitor biain
2016ko ekainaren 8a
08:38
Entzun

Unibertsitaterako hautaproban, filosofia azterketaren garaia baliatu nahi izan dute Agora filosofia irakasleen elkarteko kideek irakasgaiaren aldeko aldarria egiteko. Eskakizuna argia da: “Filosofiak derrigorrezko izan behar du aurrerantzean ere”. Hala adierazi dute Oihana Ameskua eta Roberto Hernaez bozeramaileek, Gasteizko EHUren campusean egin duten prentsaurrekoan. “Filosofiak gazteen hezkuntzan egon behar du. Horien formakuntzarako paregabeko laguntza baita. Ez soilik lan mundurako txertatzean, baizik eta, zentzu orokorrago, sakonago eta berehalako batean, pertsona hauek nortasun autonomo, kritiko eta gogoetatsua garatzeko ezinbestekoa ikusten baitugu”.

Hain zuzen, hezkuntza erreformen harira dator aldarria. Izan ere, Espainiako Gobernuaren LOMCE hezkuntza planak, eta, modu berean, Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planak, filosofia derrigorrezko irakasgaien zerrendatik kanpo utzi baitute batxilergoko bigarren urtean. Horrela, hautazko irakasgaien multzo bat jarri dute haren ordez, eta ikasleak horietako bat hautatu beharko du. “Erreforma plan hauek gehienbat gaitasun zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituen hezkuntza eredua konteplatu nahi dute; eta arlo kreatibokoak edota kritikoak alboratu”, salatu du Ameskuak, eta ohartarazi du atzean hezkuntzarekin zerikusirik ez duten interesak egon daitezkeela.

Ildo horretan, adierazi dute filosofia ez dela jakintzagai “kaltetu” bakarra izango, “aspaldi beste irakasgai batzuekin hasitako ildoaren sakontzea” baita, nabarmendu dutenez. Bada, Eusko Jaurlaritzak hasiera batean LOMCErekiko aurkakotasuna erakutsi bazuen ere, Heziberri “LOMCEren ezarpen kamuflatua” dela adierazi dute. “Harrigarria iruditzen zaigu nola Heziberri plana, aspektu batzuetan, LOMCE bera baino harago doan. Kasurako, filosofiaren murrizte hau”. Izan ere, azaldu dutenez, beste erkidego batzuetan ez dute aldaketarik egin filosofia irakasgaiari dagokionez.

Egoera aldatzeko irakasleek haien esku dagoen guztia egingo dutela adierazi dute: “Ez gaude prest filosofia gure eskola eta ikastetxeen ganbara ahaztuetan utz dezaten. Autonomian, gaitasun kritikoan eta autoezagutzan aurrera joan nahi duen gizarte batek ezin du inola ere filosofia galdu”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.