Iragan urrian umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoa hartu zuenetik gaixo dagoen neskato oiartzuarraren kasuan esku hartu du Gipuzkoako Fiskaltzak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ikerketa hasi du, neskatoa txertoak gaixotu ote duen argitzeko. Hori da familiaren susmoa. Deklarazioa hartuko diote neskatoaren amari; auzitegian azalduko du zer gertatzen zaion umeari: noiztik dauzkan arazoak, zein sintoma dituen eta horrelako xehetasunak. Hego Euskal Herrian, lehen aldia da aintzat hartzen dutena umetokiko lepoko minbiziak ustez eragindako arazoen kasu bat.
Merkaturatzen hasi zirenetik, 2005etik, etengabea izan da txerto horri buruzko eztabaida. Hego Euskal Herrian 2007tik jartzen diete 12 urte bueltako neskatoei. Giza papilomaren birusa eragiten duten bi zepari aurre egiten die, eragin gehien dutenei. Ordea, auzitan jarri izan dute tratamenduaren eraginkortasuna, eta prezioazohartarazi dute: egutegian dauden beste 11 txertoak batera baino garestiagoa da umetokiko lepoko minbiziaren aurkakoa.
Osasun arazoak eragiten dituela salatu dute hainbat familiak. Sintoma antzekoak dituzte kasu guztietan: sukarra, zorabioak, neke handia, arnasa hartu ezina... Oiartzungo neska ez da gisa horretako arazoak izan dituen bakarra Euskal Herrian. Gutxienez beste bi kasutan kexa jarri dute senideek: Iruñekoa da eri den neskato bat, eta bestea, Santurtzikoa (Bizkaia). Jasaten ari diren egoera Gaixoen Defentsarako Espainiako Elkarteari jakinarazi diote hiru neskato horien senideek.
Elkarte horren bidez iritsi da Oiartzungo kasua auzitegietara. Jasotako kexak Fiskaltzaren esku jartzen ditu taldeak, eta jaramon egin dio Gipuzkoakoak. Aurreko aldietan ez da hori gertatu; ez dituzte aintzat hartu kexak. Ordea, Gipuzkoako Fiskaltzak auzia ikertzeko zantzuak ikusi ditu. Donostiako 4. Instrukzio Auzitegiaren esku dago kasua, eta dagoeneko dei egin dio neskatoaren amari, lekuko gisa deklarazioa eman dezan. Haren egoeraren berri eman beharko du.
Era guztietako diagnostikoak
Azken hilabeteetan jasaten ari denaren testigantza emateko aukera izango du, horrenbestez, familiak, eta erantzukizunak eskatzekoa. Kexa jarri nahi izan du hasieratik amak, baina ez du modurik izan, horretarako ezinbesteko zuelako medikuren batek baieztatzea txertoak egin diola kalte neskatoari. Izatez, sendagile guztiek adierazi diote antzekoa: neskatoaren gaixoaldiak ez duela zerikusirik uteroko lepoko minbiziaren aurkako tratamenduarekin.
Senideek bestela uste badute ere, loturarik ez dagoela esaten diete behin eta berriro, txertoa hartu izanak ez duela eragin gaixoaldia. Baina neskak eri daramatzan hilabeteotan guztietan ez dute argitu zer duen. Arritmia, anginak, espasmoak... Era guztietako diagnostikoak egin dizkiote, eta botikak eman; baina gaixo segitzen du neskak. Donostian ospitaleratuta egunak egin zituen.
Eta segitzen du ezintasunekin. Iragan astean, anbulantzian eraman behar izan zuten erietxera. Minutuko 192 bihotz taupada ere atzeman dizkiotela jakinarazi du haren amak, eta, hala ere, oraindik ere erremediorik ez diotela jarri. Atzo bertan, auzitegira joateko deialdia hartu berritan, eskolatik hots egin zioten amari, beste behin ere: zorabiatu egin zela alaba, eta joateko bila. Medikutara joanda, ez diete soluziorik eman.
Fiskala ikertzen ari da neska bat txertoarengatik gaixotu ote den
Uteroko lepoko minbiziaren aurkako txerto bat jarri ziotenetik dago eri 13 urteko neska; fiskalak bide eman dio amak jarritako kexariTratamendua hartu ondorenetik neska nola dagoen jakiteko, deklaratzera deitu dute ama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu