Ez nau harritzen bikotekideak hiltzen dituzten 70 urteko gizonezkoak egotea... Hori esan, eta ni itotzera etorri zen. Aurpegia deseginda zuen, eta gau horretan hilko ninduela pentsatu nuen...». Maria Pilar Marcosek ukatu egin du senarra hiltzeko asmoa zuenik. «Ez nion minik eman nahi, bera izan zen labanaren gainean erori zena, ni ostikatzean oreka galdu zuelako». Marcosen kontakizunetik hartutako bi pasarte dira. 2009ko azaroaren 2an gertatu ziren, baina beste noiznahi gerta zitezkeen. 44 urtetan jasan ditu tratu txarrak, eta harritzekoa dena da Marcos bizirik egotea. Semeak berak aitortu du: «Noizbait aitak muga zeharkatuko zuen beldur nintzen». Alegia, aitak ama hilko zuen beldur zela. Azaroaren 2an, ordea, alderantziz izan zen.
Fiskalak 11 urte eskatu ditu haren aurka, homizidioa leporatuta. Ez du aintzat hartu Marcosen lekukotasuna, eta une horretan senarra hil nahi zuela dio. Eztabaida gogorra izan zutela aitortu du, eta «biek egin ziotela aurre elkarri», baina emakumeak «gehiegi eta neurririk gabe». Emakumeak bere burua babestu nahi izatea «neurririk gabe erantzutea» esan nahi du, beraz, fiskalarentzat. Gainera, harrigarria da tratu txarrak aringarri gisa ez hartzea, oinarrian egongo ez balira bezala. Kontua ez da, noski, gizonaren heriotza justifikatzea. Ezta absoluzioa eskatzea ere. Hori egitea beste batzuei dagokie. Baina kasu honek ere, gogoeta eragin beharko luke. Elementu gehiago ere badira, esaterako: Marcosek ez zuen sekula senarraren aurkako salaketa jartzea pentsatu, ezta harengandik banatzea ere. «Astoak bezala, ohituta nengoen haren jipoietara. 19 urterekin ezkondu nintzen, eta, garai hartako emakumeak bezala, bizitza osorako». Tamalez, emakume askok pentsatzen dute horrela oraindik. Gehiegik. Hirutik batek ez du salatzen. Zergatik? Agian sistemarekiko mesfidantzagatik? Agian eraginkorra ez delako? Aurreiritzi horiek fiskalak berak indartu baino ez ditu egiten.
Beste adibide bat: fiskalak ukatu egin du Marcosek tratu txarrak jasan dituen emakumearen sindromea zuenik. «Agian hasieran izan ziren, baina bukaeran ez, gizonari gibeleko zirrosia diagnostikatu ziotenetik». Alegia, antza gaixo dagoen gizon batek ezin ditu tratu txarrak eman. Gainera, fiskalaren irudiko, emakumeak ez zuen jarrera sumisorik senarrarekiko, «inoiz ez zuelako babesa eskatu». Eta ez da harritzekoa salaketarik ez jartzea Marcosek, -eta beste hainbat emakumek- Administrazioa ordezkatzen duen fiskalaren argudioak ikusita. Argudio etsigarriak. Horra hor gogoetarako beste kontu bat.
Fiskalaren argudioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu