Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi Juan Kalparsorok Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea ikertuko du, Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpen batzuen harira. Martxoaren 14ko osoko bilkuran, Mintegik esan zuen Fernando Buesaren hilketak "jatorri politikoa" izan zuela. "Egon badago zirkinik egin gabe uzten ez nauen gauzarik. Ezin da esan lasai asko egon nintzela biktima baten omenaldian, biktima guztiak arrazoi politiko batengatik hil direlako", esan zuen Mintegik, eta gaineratu zuen ETAren ekintzek ''jatorri politikoa" dutela.
Adierazpen horiekin "terrorismoa goratu" edo "biktimak iraindu" ote zituen ikertuko du fiskalak. Mintegiren hitzen transkripzioa eskatu dio Kalparsorok Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Kalparsorok EITBri baieztatu dio Mintegiren adierazpenak ikertzen ari dela, Espainiako Fiskaltzarekin hala adostuta. Gaineratu du Aste Santua baino lehen erabakiko dutela Mintegiri salaketa jarri edo ez.
Akta igortzearekin batera, Tejeriak "ezinegona eta kezka" azaldu dio Kalparsorori, "legebiltzarkideek beren funtzioen baitan berezkoa duten eta zor zaien bortxa ezintasunari kalte egiten diolako". Legebiltzarraren beraren funtzionamenduaren autonomiari ere kalte egiten dio ikerketak, Tejeriak kritikatu duenez.
Mintegiren adierazpenen biharamunean, Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak zehaztu zuen ETAren jarduerak "motibazio politikoa" izan duela.