Bizkaiko Fiskaltzak iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea, prebarikazioa eta dokumentu ofizialen faltsutzea leporatzen dizkio alkate ohiari eta beste bost pertsonari. Fiskatzaren esanetan, akusatuak ados jarri ziren Alonsotegiko Udalak Bizkaiko aldunditik jaso zuen 600.000 euroko diru laguntza enpresa bati emateko, egin ez zituen lanen ordainetan. Fakturetan jasotzen diren konponketak ez dira existitzen, fiskaltzaren salaketaren arabera.
Fiskaltzak maiatzean jo zuen Barakaldoko epaitegira, eta atzo jakin zen epaitegiak ikerketa abiatzeko agindua eman duela. Larunbatean, berriz, Alonsotegiko beste bi alkate ohi ustelkeriagatik auzipetu dituztela egin zen publiko. EAJko bi alkate ohi eta beste bost pertsona auzipetu ditu Barakaldoko epaitegiak, EH Bilduk aurkeztutako salaketa baten ondorioz. Diru publikoa oker erabiltzea, iruzur egitea eta kargua beren intereserako erabiltzea egozten diete.
2014an koalizio abertzaleak Alonsotegi Eraikiz elkartearen kudeaketaren inguruan aurkeztutako salaketa baten ondotik erabaki du epaileak defentsak kasua artxibatzeko egindako eskaera atzera botatzea.
Elkartea 2003an sortu zuten, Alonsotegin bertan, eta 2011n desegin, 4,1 milioi euroko zorra utziz. Zor hori udalak hartu zuen bere gain, ikuskatzaileen txostenak halakorik aholkatzen ez bazuen ere.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak irregulartasunak aurkitu zituen Alonsotegi Eraikiz udal sozietatean.