Euskal presoak

Fiskaltzak atzerarazi egingo du Uribetxebarriari buruzko erabakia

Espetxeetako Zuzendaritzak Donostiako Ospitalearen txostena bermatu arren, hura «osatzea» galdegin du fiskalakAske utziz gero haren bizilekua zein izango den zehazteko eskatu die epaileak senideei

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzerarazi egingo du Josu Uribetxebarriari buruzko ebazpena. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak atzo erabaki zezakeen gaixotasun larria duen presoa baldintzapean aske utzi edo ez, baina Fiskaltzak egin dituen eskaerak tarteko, bi aste atzeratu daiteke prozedura. Bien bitartean, Uribetxebarriak hamahirugarren eguna egingo du gaur gose greban

Fiskaltzak argudiatu duenez, auziari buruz bere iritzia emateko eskatu dituen txostenak edo ez ditu jaso edo ez dira nahikoak. Alde batetik, eskatu du Donostiako Ospitaleak ostiralean Zaballako espetxeko osasun batzorderabidalitako mediku txostena «osatzeko». Horren harira, galdegindu presoaren mediku historia eta aurrekariak gehitzea eta medikuek banan-banan sinatzea txostena, eta ez mediku batzorde batek.

Berri agentziek zabaldu dutenez, Espetxe Zuzendaritzak Fiskaltzari gogoratu dio «araudiak zehazten dituen bideei jarraituz» eta «txosten ofizial batean» oinarrituta, erabaki zuela ostiralean Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzea. Iturri horiek zehaztu dutenez, Donostia Ospitaleko zigilua darama txostenak, eta «diziplina anitzeko talde batek» sinatu du.

Nolanahi ere, iturri horiek jakinarazi dute Fiskaltzaren eskaerei erantzungo diela Espetxe Zuzendaritzak, eta atzo arratsaldean Auzitegi Nazionaleko epaileari igortzekoa zen Zaballako espetxeko osasun batzordearen txostenari gehituko dizkiotela mediku taldeko partaideen izenak eta presoaren mediku historia, eta informazio hori «espresuki» Fiskaltzaren esku jartzeko eskatuko diotela epaileari.

Zaballako espetxeko osasun batzordeak, Donostiako Ospitalearen txostenean oinarrituta, Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko aukerari buruzko txostena egin zuen ostiralean, eta horren gainean erabaki zuen egun horretan bertan Espetxe Zuzendaritzak Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzea, aho batez.

Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiak berak haratago jo du, eta Uribetxebarriaren egoeraren larria aintzat hartuta, hura baldintzapean aske uztearen alde agertu da, Uribetxebarria preso mantentzeak «justifikaziorik» ez duela argudiatuta. «Espetxeetako erietxeetan ez dago ospitale tratamendurik», nabarmendu du Yustek El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Fiskaltzaren iritziz, baina, txosten hori ez da nahikoa eta bigarren bat eskatu dio epaileari, presoaren gaixotasuna espetxean artatu ote daitekeen jakiteko. Ostiralean, probidentzia baten bidez, gaixotasun larria duen presoa auzitegiko mediku batek ikustea agindu zuen epaileak, presoaren gaixotasunaren bilakaeraren eta diagnosiaren berri emateko eta duen minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez argitzeko. Halaber, beste txosten bat eskatu zion Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren xehetasunei buruz.

Behin txosten horiek guztiak jasota, Fiskaltzak erabakiko du presoaren baldintzapeko askatasunaren alde azaldu edo ez. Horrek bi astez atzeratu dezake prozedura, Fiskaltzako iturrien arabera.

Txostenak, epailearen esku

Herrira-k jakinarazi duenez, baina, Espetxe Zaintzako epaileak esku artean ditu jada Uribetxebarriaren osasun egoera aztertzeko eskatutako txostenak. BERRIAk jakin duenez, halaber, Auzitegi Nazionala presoaren senideekin harremanetan jarri da, Uribetxebarria aske gelditzekotan haren bizilekua zein izango litzatekeen jakiteko. Senideek epaileak eskatutako informazio guztia eman dutela jakinarazi dute.

Hori hala, Herrira-k gogor kritikatu du auzi honetan Espainiako Estatuko administrazioak azaltzen ari diren jarrera, eta salatu du presoaren egoera luzatzea helburu duela Auzitegi Nazionalak atzo bertan erabaki bat ez hartzeak. «Krudelkerian oinarritutako erabakia da».

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Uribetxebarria aske uzteko exijitu du Herrira-k, «berehala eta inolako aitzakiarik gabe legea betez». Euskal presoen eskubideen aldeko herri mugimenduaren arabera, presoaren baldintzapeko askatasuna atzeratzen ari dira «gatazka eszenatokiak betikotu eta bake egoera urruntzea besterik nahi ez duten sektoreak kontentatzeko».

Donostiako Ospitaleak ostiralean kaleratutako txostenak baieztatu egin zuen Uribetxebarriaren egoerak ez duela bueltarik eta urtebetean hiltzeko arrisku handia duela. Uribetxebarriak minbizia du 2005etik, eta minbizia gorputzeko beste atal batzuetara zabaldua duela diagnostikatu zioten duela hiru aste inguru Leongo ospitalean —Mansillako espetxean zegoen orduan, eta abuztuaren 1etik Donostiako Ospitalean dago, preso—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.