egunkaria auzia

Fiskaltzak 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurkako helegitea aurkeztu du

Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak ekainaren 4an jakinarazi zuen auzia artxibatzea erabaki zuela, ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita. Fiskaltzak zortzi auzipetuei 1998-2001 artean diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die. Defentsak helegitea inpugnatzeko aukera izango du.

Iñaki Uria auzipetua ekainaren 6an, Andoainen, beste auzipetu batzuk eta eragile askotako ordezkariak atzean zituela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 17a
07:17
Entzun

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak uste du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ez dagoela preskribatuta, eta, ondorioz, kasua artxibatzearen aurkako apelazio helegitea aurkeztu du, Efe berri agentziari Fiskaltzako iturriek jakinarazi diotenez. Ekainaren 11ko data du haren errekurtsoak.

Akusazioak dioenez, "preskripzioari buruz beste interpretazio juridiko bat" egin du —epaileak zioen ustezko delituetatik bost urteko epea gainditua dagoela— eta helegitea "formazkoa eta soilik teknikoa da"; "errekurtsoa ez da edukian sartzen, epailea ere ez zelako sartu jakinarazpen autoan". Fiskaltzak apirileko aurretiazko saioan iragarri zuen auzia bertan behera uzteko "baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen" aurka azalduko zela. 

Kasua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratuko da orain —Iñaki Subijana epailea da presidentea—.  Defentsak Fiskaltzaren helegitea inpugnatzeko aukera izango du, eta auzitegiak orduan erabakiko du inpugnazioa ala errekurtsoa onartu. Helegitea onartzen badu —osorik edo partzialki—, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileari aginduko dio epaiketa egiteko. Hilabete batzuk pasa daitezke hori jakiteko.

Fiskaltzak uste du zortzi akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak zirela.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatu zituen Fiskaltzak aurretiazko saioan, apirilean.

Fiskalak helegitean dio Furundarena, Albisu eta Zubeltzuren kasuak besteengandik aparte aztertu behar direla, hiruron inputazioa 2006ra arte ez zegoelako zehaztua.

Auzi ekonomikoan fiskal batek baino gehiagok hartu du parte. Helegitea E. Rodriguezek sinatu du. Dignidad y Justicia elkartea auzitik erretiratu zutenetik, Fiskaltza da akusazio bakarra.

Ekainaren 6an dozenaka eragilek Fiskaltzari helegiterik ez aurkezteko eskatu zioten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako bilkura batean.

2003ko urrian izan zen Egunkaria-ko auzi ekonomikoko operazioa. Zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak —honek 2010eko apirilean absoluzioa eman zuen, Egunkaria eta ETAren arteko harremanik ez zegoela argudiatuta—. Auzitegi Nazionalak orduan auzi ekonomikoa Gipuzkoara igorri zuten, ustezko delituak "arruntak" liratekeelako, ez "terrorismoarekin" lotutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.