Fiskaltzak eskatu du Majarenasen erasotzailea espetxean sartzeko

Akusazio partikularrak fiskaltzaren zigor eskaera berretsi du: 30 urteko kartzela zigorra. Majarenas «berriz biktimizatzen» ari direla salatu dute

Sara Majarenasen erasotzailea aske gelditu zela salatzeko protesta, joan den otsailean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Arantxa Elizegi Egilegor - Maider Galardi F. Agirre
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sara Majarenasen eta haren alabaren erasotzailearen aurkako auzi saioa izan zen atzo, Valentziako probintzia auzitegian (Herrialde Katalanak). Epaitegi horren esku dago Majarenasen eta haren alabaren aurkakoerasoaren auzia, eta 30 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak erasotzailearentzat. Horrez gain, zigor eskaera handia eta akusatuak ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta —ez du lanik, ezta etxe finkorik ere—, hura espetxeratzeko ere eskatu dute, bai fiskalak, bai akusazio partikularrak.

Majarenasen abokatua bat etorri da zigor eskaerarekin, besteak beste, erasoa familiako adingabe baten aurkakoa izan zelako —alabaren aurkakoa, hain justu—, baita Majarenasen aurkakoa ere. Hala ere, zehaztu du ez dutela espetxe onuraren aurka egingo, baldin eta horiek lortzeko indarkeria matxistaren aurkako prestakuntza saioak egiten baditu. Dena den, zigorra beteta ere segurtasun neurriak beharrezkoak liratekeela nabarmendu du, besteak beste, Euskal Herrian sartzeko debekua eta kontrol telematikoa. Neurri horien helburua da Majarenas eta haren alaba «berriro ez biktimizatzea».

Otsailaren 15ean geratu zen aske Majarenasen erasotzailea. Erabakia jakitera eman zutenean, Picassenteko epaileak (Valentzia, Herrialde Katalanak) argudiatu zuen auzitegi medikuen txosten baten zain zeudela eta ikerketa «gehiegi» luzatua zela dagoeneko. Autoan dio, era berean, behin-behineko espetxealdia «salbuespen neurri bat» dela, eta soilik ezarri beharko litzatekeela «objektiboki beharrezkoa» denean.

Egun, behin-behinean aske dago erasotzailea. Bi kilometroko urruntze aginduaz gain, eskumuturreko telematiko bat ere badarama, baita Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua ere. Baina atzo bertan Majarenasen senideek jakinarazi zuten erasotzailearen pultsera telematikoak hirutan huts egin duela. Lehen bi aldietan, ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe, eta, azken aldian, hiru orduz. Egoera hori aintzat hartuta, akusazio partikularrak eskatu du espetxeratu dezatela erasotzailea, sententzia eman artean —epaileak ez du erabakia hartzeko epe jakinik—. Gainera, Majarenasen hurbilekoek azaldu dutenez, auzibidea oraindik kalifikazio fasean dago, eta oraindik ez da ahozko epaiketarik egin.

Defentsak, aldiz, behin-behineko askatasunaren alde egin du, betiere egun indarrean dauden kontrol neurriei eutsiz, alegia, eskumuturreko telematikoa eta urruntze agindua.

Bi urte erasoa izan zenetik

2017ko urtarrilean, Majarenas Picassenteko kartzelan (Valentzia, Herrialde Katalanak) preso zegoen bitartean, haren bikotekide ohia bi urteko alaba hiltzen saiatu zen, haurra berekin zuen asteburu bat baliatuta. Gizonak berak eman zuen erasoaren berri Poliziara deituta, haurra hilda zegoelakoan. Haurra gela batean topatu zuten, zaurituta. Anbulantzian sartu, eta Alzirako ospitalera eraman zuten. Larrialdiko ebakuntza bat egin zioten han. Valentzia hiriburura eraman zuten gero, La Fe ospitaleko zainketa intentsiboetako unitate pediatrikora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.