Apirilaren 13-ko galdeketa

Fiskaltzak Etxarri Aranazko kontsultaren antolaketaz galdetu die A13ko kideei

Manu Gomez eta Mikel Mundiñano Guardia Zibilaren Atsasuko kuartelean izan dira, lekuko gisa; baita lokalaren jabea ere.

Mikel Mundiñano eta Manu Gomez A13 plataformako kideak, gaur, Altsasun. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2014ko maiatzaren 30a
11:11
Entzun

Herri kontsulta bat egin zuten joan den apirilaren 13an Etxarri Aranatzen (Nafarroa), A13 herri plataformak deituta, Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? galderarekin, eta Manu Gomez eta Mikel Mundiñano plataformako kideak eta Jose Luis Erdozia, galdeketan erabili zuten lokalaren jabeak antolaketari buruzko galderak erantzun behar izan dituzte Guardia Zibilak Altsasun duen kuartelean. 

Nafarroako Fiskaltzak hasi du ikerketa, eta haren ordezkari batzuk izan dira hitzorduak, itaunak eginez. Lekuko gisa deitu dituzte Gomez, Mundiñano eta Erdozia. Lehen biak gaur goizean izan dira kuartelean, bakoitza hogei minutuz deklaratzen, eta Erdozia, atzo. Libre utzi dituzte, baina ez dakite inputatu dauden ala ez. "Fiskaltzaren ordezkariek esan digute kasua ikertzen jarraituko dutela", azaldu dio Gomezek BERRIAri.

Kontsultan erabilitako hautestontziak edota ordenadorak nola lortu zituzten, lokala alokatu egin al zuten —ileapaindegi bat zen lehen—, udalak parte hartzerik izan al zuen edota errolda eskuratu al zuten galdetu diete Gomezi eta Mundiñanori. Erdoziari lokalari buruzko galderak egin zizkioten.

Udalak apirilaren 13ko galdeketarekin zerikusirik ez zuela izan esan du berriro plataformak. Etxarri Aranatzen kontsulta egiteko aurretik izandako saioan udalak kontsulta egin zedin mozio bat onartu zuen, baina auzitegietara jo zuen Nafarroako Gobernuak, baliogabetu egin zuen haren erabakia, eta udalak uko egin zion auziari. Ondoren, herri ekinbidez antolatu zuten apirileko galdeketa.

"Badirudi, ordea, galdeketak kriminalizatzeko saio bat dela hau", adierazi du Manu Gomezek, kuarteletik atera ostean.

Kontsultan %94k baiezkoa erantzun zioten galderari; ezezkoak %2,1 izan ziren, txuriak %3 eta baliogabeak %0,3. %42,7ko parte hartzea eduki zuten. Euskal Herriaren independentziari buruzko lehen herri galdeketa izan zen. Protokolo bat jarraituta burutu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.