Fleury, tratu txarren espetxe

jon olano
2015eko ekainaren 16a
18:42
Entzun

Azken urteetan eraso ugari jasan dituzte Fleuryko espetxean dauden euskal presoek, eta bertako zaindarien tratua salatzeko protestak egin dituzte.

2010eko abenduaren 13an, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen espetxezain bat Igor Suberbiola presoaren ziegan sartu eta ukabilkada bat eman ziola bularrean. 2011ko uztailean, berriz, Gotzon Alcalde  jipoitu zuten espetxezainek.

Kartzela horretan zen Xabier Lopez Peña ere. 2013ko martxoan hil zen, egun batzuk lehenago bihotzekoak jota. Parisko Petite-Salpetriereko erietxearen nahiz Fleury Merogiseko espetxearen jarrera salatu zuen orduan Etxerat-ek; izan ere, haren osasuna kritikoa zela jakin arren, bisitak atzeratu eta oztopatu egin zizkioten. Espetxeak ez zien familiakoei abisurik eman presoa bihotzekoak jota erietxera eraman zutenean.

Urte bereko urrian, gose grebari ekin zioten Javier Arruabarrena, Asier Bengoa, Joanes Larretxea, Igor Suberbiola eta Gorka Azpitarte euskal presoek, uda hartan bizi baldintzak "nabarmen" zorroztu zizkietela salatuzeko. Etxerat-ek esan zuen maiztasun handiz aldatu zituztela ziegaz, "oso modu bortitzean", eta dena "hankaz gora" jartzen zietela.

Iazko apirilean, emakumeen moduluan zeuden euskal presoek salatu zuten "eskubide murrizketak eta probokazioak" jasan zituztela. Zigor ziegetan bakartu zituzten. Irailean, berriz, erizaindegira zihoala, funtzionario batek bultzatu egin zuen Andoni Goikoetxea.

Aurten ere izan da erasorik. Maiatzean, anaiari kartzelan bertan bisita ukatu ostean azalpenak eskatu eta gero, Ibon Goieaskoetxea jipoitu zuten espetxeko funtzionarioek.

"Ororen buru, presio eltzea da presondegia. Muga fisikoak dira tapakia, eta gora doa presioa, lehertu arte". Zortzi hilabetez aritu izan zen zaindari gisa Fleury-Merogis eta Orleanseko espetxeetan Arthur Frayer kazetaria, eta liburu batean salatu zituen kartzeletako baldintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.