Inork baino hobeto daki euskarak nola egin duen aurrera eskolan, alor horretan baitaramatza urteak Mikel Zalbidek (Donostia, 1951). Euskaltzaina da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara zuzendaria. Ezagutzan nabarmen egin da aurrera, baina erabilera atzenduta dagoela aitortu du. Berritzeko garaia dela adierazi du.
Euskararen gorabidea hezkuntzaren gain jarri da batez ere. Zama handiegia eskolarentzat?
Gatozen filosofia sozioedukatibotik gatoz. Ilustraziotik eta XIX. mendeko liberalismo ilustratuaren filosofiatik: eskolak haurren ongi izatea eta “gizarte berria” ekar dezakeela eta, ekarri ere, eskolak ekarri behar duela dioen filosofiatik. XX. mendeak, horrezaz gainera, gizarte desoreka larrien konpontzailetzat hartu izan du eskola: generoaren, diru sarreren, osasun defiziten eta beste hainbat desorekaren konpontzaile. 1960ko hamarkadan pentsatu genuen eskola izan zitekeela gurea bezalako hiztun elkarteek dituzten muga, eragozpen eta ezintasun funtsezkoen konpontzaile ere. Erdarak gizarte bizitzan eta lurralde esparru zabaletan irabazitako terrenoa eskola bidez berreskuratuko genuela: etxetik erdaldun ziren haurrak —populazioaren %80tik gora— elebidun sendo bihurtuko genituela, batetik, eta etxetik euskaldun edo elebidun zirenei euskaraz ondo irakurtzen eta ondo idazten erakutsiko geniela, bestetik. Bide batez, hizkuntza xaharra edo larrekoa gizarte beharrizan berrietarako prestatu, bateratu eta noranahiko bihurtuko genuela uste izan genuen, orobat. Beste hau ere pentsatu genuen, bide batez: euskal kulturaren bilgune, elaborazio leku eta transmisio bide bilakatuko zela euskal eskola berria. Azkenik, elite —intelektual— berriak sortuko genituela amestu genuen: hurrengo euskal belaunaldi konpletuak ezinbestekoa duen buru langile, gogoeta eragile eta moda sortzaile erreferentzial gazteak. Hori guztia eta beste zenbait xede helburu izan genituen esku artean.
Eta lortu dira helburu horiek?
Neurri batean, bete dira helburu haiek, bai. Askok uste duen baino neurri handiagoan. Lehengo batean, izan nintzen Carol Benson ikertzaile suediar-amerikarrarekin: munduko bost zoko muturretan ibili da urte luzez, lekuan lekuko hiztun herri txikiei beren hizkuntzan oinarritutako eskola bideak antolatzen laguntzen. Hemengo kontuez ari ginela, lehen ere entzundakoa jaso nuen beragandik: “Zuek lortu duzuena inpresionantea da, ikertzea eta aholkatzea tokatzen zaizkidan beste hainbat lekutako egoerarekin eta lorpenekin konparatuz”. Ez du arrazoirik falta: euskaraz zerbait zekiten irakasleak —datu ezagunen heinean— ez ziren 1976-77an %5era iristen Hego Euskal Herrian; EAEn %85eko mugaz gainetik gabiltza orain, eta, erretiro kontuengatik besterik ez balitz ere, gora egingo du portzentaje horrek hurrengo urteotan. Ikasmaterialik ez genuen ia, bestalde, euskarazko irakaskuntzaren oinarri gisa: 18.000 titulutik gora ditugu orain katalogatuak —material osagarria eta erreferentziazkoa kontabilizatuz, ez testu liburuak bakarrik—.
D eredua nabarmen hazi da.
Irakaskuntzak berea duen transmisio lan formalerako hizkuntza jasoa, terminologiaz eta estiloz landua, gero eta ezagunago bihurtzen ari da. Eta, bereziki, gero eta ikasle gehiagok euskaraz —nagusiki D ereduan; gainerakoek Bn— ikasten du EAEn. Zenbakiak oso dira deigarri. Gurasoen eta ikasleen beren desioz edo onarpenez, erabat nagusitzen ari da euskarazko ikasbidea: enrichment education da D eredu hori etxetik euskaldun diren neska-mutilentzat, eta immersion education program etxetik erdaldun diren gehienentzat. Hori guztia lortu da, eta asko da: atzerriko hainbat adituren ustez, izugarri.
Erabilerarako jauzian, hutsune handia dago gaztetxoen artean.
Txanponaren aurpegi bat da euskarazko ikasbidearen hori: bi aurpegietariko bat. Oso bestelakoa da beste aurpegia. Neska-mutilek, adin batetik aurrera bereziki, erdaraz egiten dute beraien artean, batez ere ikasgelatik kanpora. Oinarrizko eskola aldia 16 urterekin amaitzerakoan, gutxienek dakite euskaraz gaztelaniaren pare, hitzez bereziki. Hori ere egia da, Arruek eta beste zenbait ikerketak argi erakusten dutenez. 1982ko Normalkuntza Legeak ezarritako xede nagusia, desideratum elebidun orekazko hura, urruti dago, hortaz, egia oso izatetik. Bistan da zergatik: helburu eta ahalmen jakinak ditu eskolak nonahi; bere-berezko helburu basikoak. Hortik aurrerako helburuak jar dakizkioke eskolari, baina edozer gauza ezin du bere kontura egin: eskola ez da munduko gaitz guztien sendagai miragarria. Muga eragozpen jakinak ditu hainbat helburu bete ahal izateko: tartean, eta bereziki, gizarte bizitzan gogor erasanik —are aspalditxo galdurik— dagoen hizkuntza ahulduaren belaunez belauneko transmisio betea eskuratzeko eta, bereziki, kate hori etena dagoen kasuan —etxe, auzo, herri eta hiri gehienetan— berrosatzeko. Eskolak ezin du, bere hutsez eta bere baitarik, horrelakorik egin. Ez dago munduan kasu ezagun bakar bat hori bermatzen duenik: Israelgo biziberritzea —batez ere 1880tik 1940ra artekoa— askozaz bihurriagoa eta multipolarragoa da.
Eskolaren rola birplanteatzeko ordua iritsi da?
Euskara indarberritzeko orduan ezinbestekoa da eskola. Behar-beharrezkoa da. Baina beste nonbait behar du formulazioak bere barizentroa: belaunez belauneko transmisioaren sostengu eta indargarri diren iturburu demoterritorial, sozioekonomiko, kultural eta politiko operatiboen konstelazio zabalean.
Ereduen sistemaz asko eztabaidatu da. Gaindituta dago?
Egungo eredu sistemak, begien bistan dagoenez, hemen eta orain nekez hobetu zitezkeen ondorio-emaitzak ekarri ditu. Aurrera begira guztia hobetu liteke: hori ere bai. Hobetzekotan, dena den, lau polo oso kontuan hartuko dituen paradigma berria eratu beharko da. Batetik, marko politiko nagusiarekin bateragarri izan behar du proposamen berriak: Konstituzioa, Autonomia Estatutua eta Euskararen Erabilera Normaltzeko Legea aldatu litezke, jakina, formulazio gotor eta sendoagoei zabalduz atea. Baina halako aldaketarik gertatzen ez den artean, burugabea da hezkuntza sistemaren marko hori kontuan hartuko ez duen formulazio jurilinguistikoa. Bigarrenik, eredu sistemaren ordezko formulazio psiko-edukatibo berriak bat etorri behar du ikasleen jatorrizko hizkuntza gaitasunarekin eta eskola bidezko garapen bidearekin: bai kognitiboarekin eta bai ele biko edo gehiagoko eskuratze prozesuarekin. Hirugarrenik, elementu operatiboak kontuan hartu behar dira beti: ditugun baliabideak ditugu gizajendez, antolamenduz eta dirubidez. Horiek ere aldatu eta garatu egin litezke –hala egin da 35 urtez—, baina bere timing baldintzak izan ohi ditu horrek guztiak. Eta, laugarrenik, baldintza muga soziologikoak oso kontuan hartu behar ditu edozein formulaziok: baita oraingoaren alternatiba edo hobekuntza izan nahi duenak ere. Gizarte bizitzan txertatuz, bere beharrak, ahalmenak eta gogo-nahiak aintzakotzat hartuz, moldatu behar da edozein formulazio berri. Hiztunek, hiztun taldeek, hiztun elkarteek eta, hala nahi bada, hiztu herriak ditu beharrak eta gogoak, ez hizkuntzak berak.
Ez duzu proposamen sendorik ikusten?
Gaur-gaurkoz, eredu sistema honen alternatiba argirik ez dut ezagutzen. Halakorik agertzen eta gizarte ordezkari nagusien adostasun basikoa lortzen ez den artean eutsi egin behar zaio hortaz, nire ustez, indarrean dagoen eta ezin ukatuzko emaitza baikorra ekartzen ari den eredu sistemari.
Egoera honetan, erabilera handitu daiteke eskolaren bidez?
Bai, posible da. Hartarako bide bat, jakina, orain arteko normalkuntza proiektuak indartzea eta kualitatiboki zorroztea da. Asko egin da alor horretan, asko eta onik. Hori ere hobetu liteke, eta emaitza hobeak eskuratzeko bidean jarri. Saio horrek ere bere mugak ditu, ordea, eta ez da komeni helburu osoa saio bakar baten esku uztea. Euskararen erabilera indartzeko bide nagusia, jakina, eskolaz kanpoko mintza jardunaren giza arteko moldaera birmoldatzea da, euskararen beharra edo —gure artean mila bider errazago— komenentzia hedatuz. Bigarren saio lerro horretan daukagu defizit nagusia.
Beste jauzi baterako ordua dela uste dute zenbaitek. Bat zatoz? Nork gidatu behar du gogoeta?
Erabat konforme nago iritzi horrekin: paradigma berria eztabaidatzen, zehazten, adosten eta aplikatzen hasteko ordua da. Hainbat gauza ikasi dugu, eta ikasitakoa aintzakotzat hartuz formulazio berria posible da. Posible eta, nire ustez, egoki. Gogoeta nork gidatu behar duen ez dakit: unibertsitatearen zain bagaude, jai dugu.
Bide horretan, arnasguneen garrantzia asko nabarmendu dute. Zuk zeuk asmatua da kontzeptua. Hor ikusten duzu gakoa?
XXI. mende honetan lehentasun osoa du: eguneroko bizimodu arruntaren adierazpide eta bilgune euskara duten gizataldeak, harreman sareak eta jarduera esparruak babestu, segurtatu eta zabaltzea hil ala bizikoa da, gure ilobek euskal bizibidea izango badute. Itzali aurreko txondarretik mila bider errazagoa da sua piztea, aspaldi itzalitako enborrondotik baino. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena berez bere, aparteko interbentzio planifikaturik gabe, segurtaturik duten arnasguneak lehentasun osoko interbentzio gune ditugu, euskara indarberritzea baldin bada helburu. Kontzentrazio demolinguistiko aktiboari aparteko atentzioa jarri behar diogu: askok askotan euskaraz egitea, ez euskaraz zerbait jakitea, ezinbesteko ikergune izan behar du arnasguneak arnasgune izaten jarraituko badu. Baita arnasguneetan erdarak/erdarek izan beharreko lekua argitzea eta mugatzea ere.
Eta horretarako bidea hasia da?
Ahultze lan handia eragin dugu —guk geuk— azken berrogei urtean, gure arnasguneetan. Lehen baino zailagoa da orain, horregatik, interbentzio hori formulatu, adostu eta aplikatzea. Gaur zail dena zailago izango da bihar, eta ezinezko etzi. Bitartean beste mila eginkizunetan katramilatzea ez da bidea: arnasguneak eta haien goi mailako lotura gune diren eskualde buruko populazio haziak sendotzea dugu, aurrerabiderik lortuko bada, eginkizun nagusi.