Biktimak

Foro Sozial Iraunkorrak bihar bukatuko du 'Entzunaz bizikidetza eraiki' programa

Nafarroako Parlamentuan egingo dute azken topaketa. Foro Sozialaren hitzetan, orain gizarteari dagokio biktimek eramandako «motxila astuna» jasotzea.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguru bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 3a
12:18
Entzun 00:00:0000:00:00

«Iritsi da garaia zama hori guztia biktima horien bizkarrean jartzeari uzteko», azaldu du Foro Sozial Iraunkorrak. Hala, bihar emango dio amaiera Entzunaz bizikidetza eraiki dinamikari. Rosa Lluch eta Carles Hernando ETAren biktimek, eta Alberto Goñi eta Mikel Soto torturatuek parte hartuko dute azken hitzaldian, bihar, Nafarroako Parlamentuan. Duela sei urte abiatu zuten programa, eta, ordutik, biktimen arteko 23 topaketa egin dituzte; biharkoa 24.a izango da.

«Gizarte osoari dagokio, erakundeek gidatuta, pertsona horiek ireki duten bidean irautea eta haiek eraman duten motxila astuna jasotzea», azaldu du Foro Sozialak, eta eskerrak eman dizkie topaketetan parte hartu duten biktimei, egindako lanagatik. Azaldu duenez, biktimak «babestu, erreparatu eta aitortu» behar dira, diskriminazio oro gainditzeko: «Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar ditugu, oraindik existitzen diren bereizkeria dinamika gurutzatuak gaindituz aurrerantzean ere».

Foro Sozialak argudiatu du topaketek «zama emozional handia» eragiten dietela «jada sufrimendu handia pairatu dutenei». Era berean, salatu dute parte hartzaileak iraindu eta mespretxatu dituztela sare sozialetan eta «komunikabide jakin batzuetan», baita Espainiako Kongresuan ere. Arrazoi horiengatik, Foro Sozialak 2020an eten zituen torturaren biktima izandako emakumeen arteko topaketak, eta orain gauza bera egin du programa osoarekin.

Entzunaz bizikidetza eraiki programako lehen topaketa 2016ko azaroaren 4an egin zuen Foro Sozial Iraunkorrak. Hartan, besteak beste, Lourdes Zabalzak —Mikel Zabalzaren arreba— eta Iñaki Garcia Arrizabalagak —Komando Autonomo Antikapitalisten biktima— parte hartu zuten. Foro Sozialak adierazi du «blokeo anitzen» garaia zela hura, eta horiek oztopo bat zirela «bakea eraikitzeko prozesuan». Ordutik, Euskal Herriko hainbat hiritan, Madrilen eta Bartzelonan egin dituzte topaketak, eta haietan parte hartu dute Gorka Landaburuk, Ane Muguruzak, Maria Jauregik, Axun Lasak, Robert Manriquek eta Naiara Zamarreñok, besteak beste.

Bi helburu nagusi izan dituzte bidean, Foro Sozialaren hitzetan. Batetik, askotariko indarkeria moten biktimek elkar entzuteko gune bat sortzea, gizarteari ere ideia bera helarazteko: «Haien artean hitz egiteko gai izan badira, nola ez dugu guk gauza bera egingo gure artean». Bestetik, «antolatu gabeko biktimei ahotsa ematea» izan du helburu Foro Sozialak, «homogeneotasunari» eta haien «erabilera politikoari» izkin eginda, eta «iritzi aniztasuna» onartuta.

Foro Sozialak azaldu du «elkarrizketa eta enpatia» izan direla topaketen ezaugarriak: «Ekosistema egokiagoa sortzen lagundu dute, indarkeria zikloaren ondorioak konpontzen aurrera egiteko eta bizikidetza demokratikoan urrats sendoak egiteko». Halere, uste dute iritsi dela programa amaitzeko garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.