Foro Sozial Iraunkorrak batzar nagusia egin du gaur Agurainen (Araba). Datozen urteetarako erronkak izan dituzte hizketagai, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea jarri dute lehentasun gisa. Hain zuzen ere, adierazi dute azken urteotan eman dituzten pausoak aztertu dituztela eta ondorio «argia» atera dutela: «Gizarte zibilak ekarpena egin diezaioke indarkeria ziklo baten ondorioei konponbidea jartzea helburu duen bake prozesuari». Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean, beraz, funtsezkotzat jo dute gizarte zibilaren inplikazioa; eta, jakinarazi dutenez, «euskal gizartea bere osotasunean konprometitzen duen erronka da haren eraikuntza».
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hamazazpi gizarte eragilek eta 58 norbanakok osatzen dute Foro Sozial Iraunkorra, eta azaldu dute helburua erdiesteko bidean jada badirela lortzeko dauden hiru erronka nagusi: «Orotariko indarkeriak jasandako biktima guztiak beren eskubideen jabe direla ziurtatu behar da; preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea eman behar zaio, eta memoria inklusibo baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren oinarrizko adostasunak sortu behar dira». Horretarako, ordea, nabarmendu dute foroa osatzen duten eragileek hartutako konpromisoaren «dimentsioa» gizartera zabaldu beharra dagoela.
Orain arteko ibilbidea
2016an sortu zen Foro Sozial Iraunkorra, eta orduz geroztik helburu izan du «gatazkaren ondorioen konponbidea erraztea». Besteak beste, bertako kideen arabera, orain arte errealitatearen analisia egin dute hainbat kontakturen bidez, eta irtenbide posibleak proposatu dituzte «ikuspegi inklusibo» batetik. Gaineratu dutenez, «armagabetze zibilaren eta ETAren desegitearen» eta «giza eskubideen urraketa larri guztiak eskubide berdintasunean aitortuak izan daitezen emandako aurrerapausoen» ondoren hartu dute azken erabakia.