Foro Sozial Iraunkorrak balorazio ona egin du azkenaldian euskal presoen auziaren aterabideaz egin diren ekinbideez, «garrantzitsuak» iruditu zaizkiolako, eta, ondorioz, esan du «behin betiko konponbide integrala emateko adostasunak are gehiago finkatu» direla. COVID-19aren garaian, Eusko Jaurlaritzak, euskal elkarte sozialek, Espainiako Kongresuko hainbat taldek eta nazioarteko komunitateko ehun eragilek Espainiako Gobernuari eskatu diote bide horren urratsak egin ditzala kartzelan arloan, eta Foro Sozialak dio mezu horrek leku garrantzizkoa hartu duela agenda politikoan eta mediatikoan.
Foroak uste du «urruntzea bukatu beharrari buruzko diagnostiko partekatu bat» dagoela gaur egun. Jaurlaritzak, kasurako, eskatu du euskal preso guztiak euskal espetxeetara ekartzeko, eta proposamenaz «adostasun zabala» dagoela dio Foro Sozialak. Besteak bestek, azaldu du Eusko Legebiltzarrean %88k bat egiten dutela eskaera horrekin, eta EPPK-k «babesa» eman diola proposamenari. «Ez da sufrimenduak gehitzeko garaia, konponbideak bilatzekoa baizik. Ildo horretan, premiazkoa da, deseskalatze prozesuaren barruan, urruntzearen amaierari heltzea, orain adostasun politikoak eta sozialak daude eta».
Halaber, azaldu du presoek «apustu irmoa» egina dutela espetxe legediaren barruko ibilbidearen alde. Gaur egun, foroaren datuen arabera, Espainiako Estatuko kartzeletan dauden 201 presoetatik 40 baino gehiago daude espetxealdi arinduan, bigarren edo hirugarren graduan.