konponbideari begira

Foro Sozialak izaera iraunkorra hartuko du

Hurrengo larunbatean, Aieteko Bakearen Etxean ekitaldi bat egingo dute hainbat eragilek. Brian Currin bitartekariak BERRIAri jakinarazi dio bera ere han izango dela.

Foro Sozialeko kideak, joan den otsailean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko urriaren 15a
09:02
Entzun

Donostian, Aieteko Bakearen Etxean, "Foro Sozial iraunkorra" aurkeztuko dute hilaren 22an, "erakunde eta pertsona ugariren parte hartzearekin", gaur Foro Sozialak berak prentsa ohar baten bidez iragarri duenez. Eguerdi aldera egingo dute ekitaldia.

Hain zuzen, etzi beteko dira bost urte Aieteko Adierazpena plazaratu zenetik, eta foroak uste du han zehaztutako "bide orria erabat baliagarria" dela. "Hori bai, bide orri horrek alde anitzeko blokeoak jasaten dituela gogoratu nahi dugu, bereziki Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik. Hala ere, ez dugu etsi behar. Gure iritziz, gizarte zibila ez dago etsipen jarrera batean, eta antolatzen ari da 2013an I. Foro Sozialean onartutako hamabi gomendioak aurrera atera ahal izateko*.

Azken Foro Sozialala –III.a– joan den otsailean egin zuten, armagabetze prozesu bat diseinatzeko, garatzeko eta bururaino eramateko beharraren inguruan. "Pentsatzen dugu, bost urte geroago, Aieteko Nazioarteko Konferentziak diseinaturiko bide orria erreferentzia puntu egokia dela oraindik azken zortzi hilabeteotan Foro Sozial iraunkorra egiten ari den lanketari begira eta, zehazki, ETAren armategien armagabetze eta suntsitzeari dagokienez". Bi estatuei dei egin die "lana erraztera, edo bederen ez oztopatzera".

Brian Currin nazioarteko bitartekariak BERRIAri jakinarazi dio bera ere Aieten izango dela hurrengo larunbatean. Kazeta honek Currinen elkarrizketa bat argitaratuko du bihar, Aieteko konferentziaren 5. urteurrenari buruzko lan zabal baten barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.