ESPETXE POLITIKA

Foro Sozialak "kezka" azaldu du PSOEren urrats falta dela eta

Agus Hernan bozeramailearen iritziz, euskal presoen alorrean Pedro Sanchezek iragarritako pausoak ez emateak "frustrazioa" eragin dezake euskal gizartean.

Agus Hernan, Foro Sozialeko bozeramailea. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2018ko abuztuaren 22a
07:18
Entzun

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea, eta "kezkatuta" agertu da Espainiako Gobernuak euskal presoen arloan urratsik egin ez duela eta: "Sanchezi eskatzen diot ez dadila egon PPren eta Ciudadanosen adierazpenek baldintzatuta. Begira dezala gehiago Euskal Herrira. Oraingoz, ez da pausorik eman".

Hernanek gogorarazi du Hego Euskal Herrian eta Espainiako Kongresuan "gehiengoak" daudela "espetxeko salbuespen politika" amaitzearen alde, eta erantsi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %95 lehen graduan daudela: "Borondate politiko kontu bat da hori. Oraindik argudiatzen dute erakunde terrorista bateko kide direla".

Azaldu duenez, presoek "argitasuna" eskatzen dute, "zer eskatzen zaien jakitea. Prozesu pertsonalak nahi ditugu, elkarbizitzarako ekarpen gisa, baina terminorik inposatu gabe". Halaber, PPren erreakzioa "neurrigabetzat" jo du: "EAEko PPk esan zuen ETA desegitean espetxe politika aldatuko zela".

Orain arte, hiru preso gerturatu ditu Espainiako Gobernuak Euskal Herriko espetxeetara: Olga Sanz eta Xabier Moreno, Villabonatik (Asturias) Zaballara (Araba) eta Alfredo Remirez Darocatik (Zaragoza) Iruñera. Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziko presoak ere gerturatzeko agindu du Madrilek, baina, ostiralean Soto del Realeko kartzelatik irten zirenetik, ez dago haien berririk.

EAJ, legealdia "luzatzearen" alde

Hori horrela, Espainiako Gobernuak zenbat iraungo duen giltzarri izan liteke presoak gerturatzeko orduan. Onda Vasca irratiak eginiko elkarrizketa batean, Aitor Esteban EAJko diputatuak adierazi du Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten talde guztiei interesatzen zaiela Espainiako legealdia luzatzea: "Baita PPri ere, bere lidergoa berrosatzeko".

Hortaz, EAJk "erabateko prestasuna" du "egonkortasuna" bermatzeko, Estebanen arabera: "Gobernuari eusten saiatuko gara. Zaila da, bost indar politiko beharrezkoak direlako, baina uste dut guztioi interesatzen zaigula legealdia luzatzea". Berez, 2020an amaitzekoa da legealdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.