Euskal presoak

Foro Sozialak «premiazkotzat» jo du presoen urruntze politika amaitzea

Foroak adierazi du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko».

Sarek antolatutako presoen aldeko giza katea, Donostian. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 19a
12:24
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak «kezka handiz» jaso du joan den astean Etxerat elkarteak Espainiako Estatuko lau kartzelatako komunikazio murrizketen inguruan kaleratutako alerta. Horren arabera, COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira: aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, eta berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei. 

Hori ikusita, Foro Sozialak «beharrezkotzat» jo du Eusko Jaurlaritzak euskal presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko». Horrez gain, Nafarroako Gobernuari berriro eskatu dio antzeko plan bat proposa dezala, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko.

Foro Sozialak azpimarratu duenez, «Eusko Legebiltzarra eratu berri den honetan, proposamen honek aurreko legealdian baino adostasun politiko handiagoa biltzen du: egun, Gasteizko ganberaren %90,6k babesten dute (XI. legegintzaldian, berriz, %88k)». Horrela, EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek babesten dute proposamena, eta, gainera, «erabat erantzuten dio Europako Kontseiluak oraintsu eguneratutako gomendioei —Espetxeen Europako Arauak—». Gomendio horien arabera, presoak berak aukera dezake nora lekualdatu.   

Foro Sozialak adierazi duenez, presoen senideen «kezka eta larritasun egoera» horretan, «komenigarria» litzateke Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «horiekiko enpatia keinuak» egitea. Horrez gain, gaineratu du datozen hilabeteetan «bideratze lanetan sakontzeko konpromisoa» hartuko duela, «presoen auzia espetxe politika normalizatu baten aplikazioaren baitan konpon dadin, birgizarteratze ibilbide baten bidez».

Zaldua eta Fuentes, lekualdatuta

Bestalde, beste bi mugimenduren berri eman du Etxerat elkarteak; Itxaso Zaldua Soto del Realetik Topaseko espetxera eraman dute, eta Raul Fuentes, Villenatik Soto del Realera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.