Euskal presoak

Etxerat-ek salatu du bisiten inguruko «neurri murriztaileak» hartzen ari direla espetxeetan

Presoen senideek gogora ekarri dute kartzelan itxialdiaren kalteak «esponentzialki» handitzen direla.

Etxerat-ek deitutako elkarretaratze bat, Donostian.
Etxerat-ek deitutako elkarretaratze bat, Donostian. Juan Carlos Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Rekondo Izagirre -

2020ko abuztuak 12

COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira, Etxerat-ek salatu duenez. Euskal presoen senideen elkartearen arabera, aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, edo berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei. Neurriok «ikuspegi murriztailearekin» aplikatu direla adierazi dute, eta gehitu «senideekiko harremana oztopatzen» ari direla. Horrez gain, espetxe barruko berrogeialdiek «komunikazio oro debekatzea» dakartela azpimarratu dute, eta horrek presoen «bakartzea eta bazterketa» areagotzen duela. Presoen senideak beldur dira egoera hau «itxialdi orokortu» bilakatuko ote den udazkeneko agerraldiekin.

Oharrean, gehitu dute espetxeetako aginpideek «muzin» egin diotela erantzukizunari, eta presoen eta senideen eskubideen «aurka» aritu direla. Zehazki, Jaengo (Andaluzia), Curtisko (Galizia), A Lamako (Galizia) eta Brievako (Gaztela eta Leon) espetxeetako kasuak nabarmendu dituzte, eta salatu horietan «atzera» egin dutela presoen eta senideen arteko harremanetan. Nabarmendu dute «desinformazioa, ziurtasunik eza, bisitarik ez edukitzeko izua eta distantziak eragiten duen estutasuna» direla nagusi senideen artean: «Sufrimendu handiagoa ezartzen dio lehendik zuten zigor erantsiaren zamari».

Euskal presoak «hurbildu» eta «osasun eta bizitza eskubideek» lehentasuna eduki behar dutela azpimarratu du elkarteak. Era berean, pertsona «zaurgarrienen» egoera konpontzeko eskaera berretsi dute: «Larri gaixo diren eta 65 urte baino gehiago dituzten presoak berehala askatzea». Elkarteak nabarmendu du eskaera horiek «erakunde internazionalek pandemia hasieran gomendatutako neurriak» direla.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna