Foru erakundeak legealdia ixten

Maiatzaren 28ko bozak egin bitarteko azken osoko bilkurak egin dituzte. Nafarroako Parlamentuak gaur esango du agur

Nafarroako Parlamentuko azken osoko bilkura argazkia, atzo. NAFARROAKO GOBERNUA.
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Udal hauteskundeekin batera, Nafarroako Parlamenturako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako bozak izango dira maiatzaren 28an, eta erakunde horiek azken pausoak ematen ari dira desegin aurretik. Nafarroako Parlamentuak, esaterako, atzo izan zuen azken osoko bilkura, eta gaur eguerdian luntx bat egingo dute legealdia amaitutzat emateko.

Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietan, asteazkenean egin zituzten azken osoko bilkurak. Arabakoetan, taldeek aurkezturiko bost mozioak eztabaidatu eta bozkatu ostean, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegik hitza hartu zuen, batzarkideei eta langileei agur esateko. Bizkaikoetan, berriz, Ana Otadui lehendakariak gauza bera egin zuen, eta bereziki gogoan hartu zituen hauteskundeetara aurkeztu ez eta, hortaz, aurrerantzean Batzar Nagusietan egongo ez direnak. Unai Rementeria ahaldun nagusiak ere hitza hartu zuen; ez da hauteskundeetara aurkeztuko. Barkamena eskatu zuen, «sentimenduren baten kontra» azaldu edo norbait «zauritu» badu ere «ekintza, erantzun edo berbaren batekin». Esan zuenez, haren asmoa beti izan da «eten barik hobetzea», eta «bizitza oparoa» opa zien topatutako «lagun eta ezagunei».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, martxoaren 8an egin zuten azken osoko bilkura. Ordukoan, Xabier Ezeizabarrena lehendakariak hitz egin zuen, eta, batzarkideei eta langileei eskerrak emateaz gain, erakundearen garrantzia nabarmendu zuen,Batzar Nagusietan eta bere garaiko Nafarroako Gorteetan «Euskal Herriko eskubide historikoen lehenengo aztarnak eta iturriak» finkatu zirelako: «Euskal Herriak zorionekoa izan nahi du Europan eta munduan. Beraz, egin dezagun bidea elkartuta. Agian mendi bide aldapatsua izango da. Baina, gaur egungo demokraziaren krisia gainditzeko, guztion ekarpenak beharko genituzke». Erakundeok datorren astean desegingo dira, eta, erakunde berriak eratu bitartean, batzorde iraunkorrek hartuko dute gidaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.