Zirkulazioa nabarmen handituko da egunotan Euskal Herriko errepideetan. Asteburuari hilaren 15a gehituko zaio, jaieguna, eta jende askok oporretara joateko edo oporretatik itzultzeko erabiliko duen eguna. Herri askotan jaiak ere izango dira, eta horrez gain, hainbat kirol proba daude iragarrita egunotarako. Foruzainek, mugimendu hori guztia aintzakotzat hartuta, aparteko kanpaina egingo dute abiadura kontrolatzeko. Zerbitzu apartekoak jarriko ditu Nafarroako Gobernuak jardunbide horretarako.
Abiadura kontrolatzeko baliabide bereziak gaur arratsaldean eta bihar goizean jarriko dituzte martxan,errepideetan automobil asko ibiliko direla baliatuta. Ondoren berriro ere jardunbide horri lotuko zaizkio hilaren 15ean, bereziki egun horretan zirkulazioa handia izango dela pentsatzen baitute. Euskal Herriko udalerri askotan festak izaten dira andramari egunez, eta automobil kopurua bereziki ugaritzen da.Errepide sare nagusian ez ezik, errepide txikiagoetan ere automobil kopurua nabarmen handitzen da, eta egun arazotsua izaten da sarritan zirkulazioa kontrolatzeko.
Alkoholaren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ere hartuko dituzte foruzainek egunotan martxan jarriko dituzten aparteko kontroletan. Ildo horretan, baimendutakoa baino abiadura handiagora doazen gidari guztiei testak egingo dizkiete alkohola edo bestelako drogaren bat kontsumitu duten atzemateko.
Errepide nagusietan
Abiadura kontrolatzeko kontrol bereziak Nafarroako errepide nagusietan jarriko dituztela jakinarazi dute Nafarroako Gobernuko iturriek; A-15, A-68, A-12 eta A-21 autopista eta autobideetan, hain zuzen ere.
Egun hauetan zirkulazioan aparteko arazoak sor daitezkeela eta, ohartarazpena egin dute trafiko arduradunek; arretaz gidatzeko esan dute, alkoholik ez edateko, eta bidaia luzeak egiten badira atsedenaldi batzuk egiteko noizean behin.
Foruzainek abiadura kontrolatzeko kanpaina egingo dute asteburuan
Zerbitzu bereziak jarriko dituzte kontrola areagotzeko; hilaren 15ean espero da zirkulazio handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu