Foruzaingoak 115 gidari salatu ditu egunotako abiadura kontroletan

Azken astean, bide segurtasunaren aurkako delituak egotzi dizkie Nafarroako Foru Poliziak hamar gidariri

Foruzaingoa, Etxegarateko mendatean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKIPRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
115 gidari salatu ditu Nafarroako Foruzaingoak oporretarako irteeraren, itzuleraren eta hambostaldi aldaketaren karietara egin dituen abiadura kontroletan.

Joan den ostiral arratsaldetik astelehenera, 7.126 auto geldiarazi dituzte Nafarroako autobideetan ezarritako hamalau kontroletan. Abiadura eta alkoholaren kontsumoa neurtu dizkiete gidariei, Nafarroako Gobernuak istripuak saiheste aldera abiarazitako kanpainaren barnean.

Gidariak autobidean une oro erne ibiltzeko beharraz ohartarazi ditu Foruzaingoak, bai oporretara bidean, baita distantzia laburreko bideetan edo hiriguneetan ere.

Bide segurtasunarekin zerikusia duten delituak egotzi dizkie Foruzaingoak hamar gidariri azken astean. Besteak beste, baimendutakoa baino bost eta hiru aldiz alkohol gehiago edan zuten Burlatako 25 urteko gizonezko bat eta Iruñeko 31 urteko bat, eta gidabaimenik gabe motorrez zihoan Tafallako 42 urteko bat salatu dituzte.

Bestalde, istripua izan zen atzo eguerdian Belateko mendatean, kamioi baten atoia irauli egin baitzen. Ez zen zauriturik izan, baina istripuak zirkulazioa eragotzizuen, eta Foruzaingoak erregulatu egin behar izan zuen. Horrez gain, Azkoiengo bidegurutzean ere esku hartu zuen Foruzaingoak joan den astean, artaburuak zeramatzan kamioi bat irauli ondoren.

Hildako bat Idoaten

Auto istripu bat izan zen herenegun Idoatera (Nafarroa) sartzeko errepidean, eta 91 urteko emakume bat hil egin zen.

Hildakoaren alaba ari zen autoa gidatzen aurrez-aurre zetorren ibilgailuarekin talka egin zuenean. Bularraldean kolpea hartu zuen 91 urteko andreak, eta autoan harrapatua gelditu zen. Suhiltzaileei esker irten zen; hospitalera heldu zenean, baina, hil egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.