Foruzaingoa

Foruzaingoaren etorkizunean hiru jokaleku aurreikusi ditu gobernuak

2007tik 2020rako Plan Zuzentzailea onartu du Nafarroako Gobernu Kontseiluak: egungo egoeraren inguruko diagnostikoa egin du bertan.

Foruzainak errepide kontrol batean Zuaztiko bidesarian. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko irailaren 27a
13:52
Entzun

Polizien Legea kale itsu batean dago parlamentuan. Gaur, berriz, Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea onartu du Nafarroako Gobernuaren kontseiluak. Biak elkar erlazionatuta daude, legea egiteko abiapuntu izan baita egungo egoeraren diagnostikoa, eta hori plan horretan jasota dator.

Txostenak 326 orrialde ditu. Kontu interesgarrienetako bat da etorkizuneko hiru hipotesi aurreikusten dituela. Lehenengoan, Foruzaingoa egun dagoen bezala geratuko litzateke, "bere iraupena bermatzen duen egoeran". Lan eskaintza publikoak belaunaldi arteko ordezkapenak betetzera mugatuko lirateke. Nafarroako Gobernuak egunotan ohartarazi duenez, Polizien Legea ez onartzeak egoera horretan utziko luke Foruzaingoa.

Bigarrenik, Foruzaingoa polizia osagarria litzateke. Egungo antolamendu gabeziak gainditu, belaunaldi arteko lekukoa ziurtatu eta apurka eskumenak hartuko lituzke trafiko eta errepide segurtasun arloan edo ingurumenean. Hirugarrenik, Foruzaingoa polizia osoa bihurtuko litzateke, eta estatuak transferitu gabeko eskumenak hartuko lituzke bere gain: trafiko arloan, hiri segurtasunean zein ingurumenean.

Gobernuak gaur azpimarratu duenez, herritarren eta erakunde desberdinen artean egindako inkestaren arabera, azken aukera horren alde egiten du gehiengo handi batek. Horregatik, gobernuak Foruzaingoa polizia oso izatearen aldeko apustua egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.