'Fracking'-ari kontra egiteko elkartu dira Nafarroan ere

Nafarroan gas natural ez-konbentzionala erauzteko aurkeztuta dauden bost proiektuak gelditzeko eskatu dute

Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak, atzo. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Arabako fracking edo haustura hidraulikoaren egitasmoak ezagutu ziren aurrena, eta Nafarroakoak ondoren. Halaxe egin du oposizioak ere: lehenik, Arabako Fracking Ez taldea sortu zuten; atzo, berriz, Nafarroako Fracking Ez plataformak aurkeztu zuen bere burua, Lizarran. Badira aste batzuk, ordea, gas natural ez-konbentzionala erauzteko egitasmoei buruzko eztabaida Nafarroara ere zabaldu dela. Gutxienez bost eremutan eskaerak eginak daude, gas hori erauzteko. Ekologistak informazioa biltzen eta hitzaldiak ematen aritu dira azken asteetan, eta kezka agertu dute gasa erauzteko erabiliko den teknika horren inguruan.

Haustura hidraulikoa teknika segurua dela frogatzen duen «ziurtasun zientifikorik» ez dagoela eta, beraz, «ardura printzipioari» kasu egiteko eskatu du sortu berri den plataformak. Azaldu dute Ameriketako Estatu Batuetan teknika hori erabili izan dela eta akuiferoak kutsatu izan direla. Kutsatze hori ikertu eta haustura hidraulikoarekin loturarik ez duela egiaztatu bitartean, «praktika hori prebentzioz gelditzea da aukera arduratsu bakarra». Bulgariak, Frantziak eta Herbehereek haustura hidraulikoa alde batera utzi dutela gogorarazi dute plataforma berriko kideek.

Bestalde, gas naturala erauztea «atzerapauso» gisa hartu du Nafarroko Fracking Ez plataformak. «Kontsumoa gutxitzeko, energia efizientea izateko eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko iraunkor bat bermatzeko egin behar dira inbertsioak eta ahaleginak». Energia fosiletan eta eredu kutsatzaileetan inbertsioak egitea iraunkortasunaren kontra egitea dela nabarmendu dute plataforma sortzeko agiria sinatu duten kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.