Oraindik entzuten da iragan larunbatean haustura hidraulikoaren aurka Gasteizko kaleetan entzun ziren oihuen oihartzunak. Herritarren mobilizazioa gasa erauzteko egitasmoen aurkako «mugarritzat» jo du Arabako Fracking Ez plataformak, eta nabarmendu du proiektu horiekiko gizarteak duen «haserrearen eta larritasunaren» erakusgarri izan zela.
Greba orokor egunetan egindakoez gain, azken hamar urteetan Gasteizen egin den manifestaziorik handiena izan zela nabarmendu dute plataformako kideek. Halaber, fracking-aren aurka munduan egin diren manifestazio handienen artean dagoela gaineratu dute. Manifestazioak hartu zituen metro koadroak eta pertsonen trinkotasuna kontuan hartuta, 12.000 eta 15.000 manifestari artean egon zirela esan du plataformak.
Frantzian eta Bulgarian egindako manifestazioekin batera, Gasteizkoa handienetakoa izan dela berretsi dute antolatzaileek, baina instituzioen partetik ez duela erantzun bera izan salatu dute. Bi herrialde horietan izandako mobilizazioen ostean, gobernuek haien jarrera aldatu zuten, eta denbora gutxian debekuak ezarri eta baimenak erretiratu zituzten. Ordea, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «ez entzunarena» egin dutela salatu dute. «Jendearen kezketatik deskonektatuta dauden seinale izan daiteke, eta iraingarria iruditzen zaigu».
Bide batez, plataformak gogorarazi du duela urtebete eskas hasi zela hitz egiten haustura hidraulikoari buruz. Denbora horretan jende asko mobilizatu dela uste du, eta bide beretik jarraituko dutela aurreratu du. «Kalera irtengo gara behar den guztietan, nahiz eta larunbatean aldarrikatu zen 'fracking ez' oihua nahikoa sendoa izan zen».
PSE, EAJ, PP sinatu gabe
Herritar askok beren aurkako iritzia eman arren, zundaketak egiteko izapideek aurrera jarraitzen dutela zehaztu du Mikel Otero plataformako kideak. Gasteizko Udalak bi putzuren baimena ukatu arren, enpresa berak 250 metrora beste bi zundaketa egiteko izapideak hasi zituen aspaldi.
Egitasmo horien inguruan alderdi politikoek duten jarrera jakiteko lehendakarigaiengana jo du plataformak, fracking-aren aurkako hiru konpromiso proposatuz. EH Bilduko, Ezker Anitzako, Ezker Batuko, UPDko eta Equoko lehendakarigaiek hiru konpromisoak sinatu dituzte, baina EAJkoek, PSE-EEkoek eta PPkoek ez. Alderdi sozialistak Patxi Lopez hautagaiaren agenda arazoak argudiatu zituen bilerarik ez egiteko. Plataformak eskatutako bilera eskaerari ez diote ezta erantzun ere egin EAJk eta PPk.
Zundaketen finantzaketa publikoa eteteko, energia berriztagarriak oinarri dituen eredu baten alde egiteko eta haustura hidraulikoari ateak ixteko eskatu die plataformak lehendakarigaiei. «Erantzun falta hori ikusita, iruditzen zaigu ez daudela prest jarrera aktibo bat hartzeko fracking-a geldiarazteko». Larunbateko manifestazioaren ostearen jarrera aldatu ez izana leporatu diete, eta plataformarekin biltzeko «minutu batzuk ere» ez izatea kritikatu dute.
Bilera egin ez arren, Oterok gogorarazi du EAJko lehendakarigai Iñigo Urkullu fracking-aren alde agertu dela. Hain zuzen ere, duela bi egun Urkullu ingurumenari dagokion araudia errespetatzen ez duten egitasmoen aurka agertu zen, baita legedia betetzearen alde ere; ordea, fracking egitasmoen inguruan gaineratu zuen egungo legeak segurtasun bermea ematen duela, eta Arabako zundaketen eremuan arriskurik ez dagoela. Adierazpen horiek «kalkulu politiko bati» egotzi dizkio Oterok, eta plataformaren eskaerekin bat egiteko eskatu dio Urkulluri.
Oraindik ere hautagaiekin biltzeko aukerari eusten diotela gaineratu du Oterok. Dena den, baldintza bat jarri du horretarako: konpromisoren bat sinatzeko prest egotea.
'Fracking' egitasmoekin gizartea «haserre» dagoela gogorarazi du plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu