'Fracking' gabeko herri izateko eskatu diete Arabako udalei

Kanpaina bat hasi du Fracking Ez Araba plataformak, gasa haustura hidraulikoz ateratzearen arriskuez

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Araban gasa fracking edo haustura hidraulikoz erauz ez dadin, kanpaina bat hasi du Fracking Ez Araba plataformak. Hala, mozio baten bidez fracking gabeko herri izatera deitu ditu udalerriak. Mozioa plataformak berak egin du. «Kaltetutako udalerrien eta erakundeen parte hartze aktiboa behar dugu, erauzterik egin ez dadin», esan dute plataformako kideek. Gasa ustiatzeko sistema horrek dituen arriskuez ohartarazteko ere baliatu nahi dute kanpaina. Hala, udalekin harremanetan jarri dira, hitzaldiak emateko.

Gasa erauzteko sistema hori erabili den lekuetan arazoak izan direla salatu du plataformak. Besteak beste, ondorengoak aipatu dituzte: edateko uraren kutsadura, lurrikarak eta osasun arazoak inguruko herritarren artean. «Ustiatzeak egin dituzten enpresek, gainera, ez dute atzera egin. Kalte-ordainak eman eta isunak ordaindu, besterik ez dute egin».

Fracking-ak eragiten dituen kalteak frogatzen dituzten hainbat azterketa zientifiko daudela gogorarazi dute, eta horiek kontuan hartuta hainbat herrialdek debekatu egin dutela gasa erauzteko modu hori. «Frantzia da horren adibide; legez ezarri du debekua».

«Sistemaren inguruan dauden zalantzak» kontuan hartuta, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Baina, oraingoz, ez du atzera egin. Alderantziz, otsail hasieran «pozik» azaldu zen Europako Batzordeak onartu duelako frackingteknikak ez duela ingurumen araudi berezirik behar. «Gauzak bere lekuan jarri dituzte, oinarririk gabeko alarmismorik egon ez dadin», esan zuen Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiak. Gainera, ziurtatu zuen Jaurlaritzak ingurumena babestearen aldeko jokabidea duela halako erabakietan.

Garmendiak hori adierazi arren, Eusko Legebiltzarrak Arabako gasa ustiatzeko planari buruz azterketa egiteko eskatu zion handik egun gutxira Eusko Jaurlaritzari. Alderdi guztiek babestu zuten proposamena, PSE-EEk izan ezik. «Alarma sortzea» egotzi zien alde bozkatu zutenei. Eskariak ez zituen gogobete planaren aurka dauden talde eta eragileak, ez baitzuen eskatu bertan behera uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.