'Fracking' zundaketak egiteko lizentzia ukatu dio Marotok Jaurlaritzari
«Jaso dugun dokumentazioa ez da nahikoa. Gainera, oraindikez dugu jaso gure adituen oniritzia. Hori gabe, Gasteizen ez da fracking-ik egingo». Gasteizko alkate Javier Marotok hala erantzun dio bi putzutan zundaketak egiteko Eusko Jaurlaritzak egindako eskariari. Hala, ez die eman lanak emateko baimena. Gasteizko Udalaren arabera, jaso dituzten agirietan ez da bermatzen eragingo diren kalteak «onargarriak» direnik. Bestalde, argibide zehatzagoak eskatu ditu erabiliko dituzten lehergailu eta osagai kimikoen inguruan; baita teknika hori erabiltzeak herritarren osasunean nahiz uraren kalitatean izango duen eraginari buruz ere. Dokumentazioak forma akatsak dituela ere uste du udalak. Teknikarien ustez, ez du betetzen Naturaren Babeserako EAEko Legea. «Ez du behar adina informazio ematen zundaketa eta esplorazio faseen inguruan». Gogorarazi dute putzuak babestutako hainbat gunetatik gertu daudela. Gasteizko Udalak hilabete eman dio Jaurlaritzari agiriak osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu