OROIMEN HISTORIKOA

Frankismoan lan batailoietan zigortutakoak omendu dituzte Oiartzunen

Kattin Txiki elkarteak, Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuten ekitaldia. 1939. eta 1942. urteen artean, 12.500 pertsona inguru lan esklabotzan behartu zituzten frankistek Lesakan, Irunen, Lezon, Pasaian, Errenterian eta Oiartzunen, Nafarroa eta Gipuzkoa artean.

2013ko maiatzaren 20a
14:15
Entzun

"1939 eta 1942 artean lan batailoietan esklabo egondakoak" omendu zituzten atzo, Oiartzunen, Kattin Txiki elkarteak, Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako ekitaldi batean.

Oiartzungo Udaletxeko batzar aretoan hasi zuten omenaldia, 11:00etan. Gatibu lanak frankismoan 1939-1942 proiektuaren azalpenaz gain, egiten ari diren bideoaren lagin bat ikusi zuten. Horrez gain, gatibu lanetan aritu zen Guillermo Aizpururi oroigarri bat eman zioten. Oiartzungo Babilonia batailoian bizi izandako egoerak oroitu zituen Aizpuruk.

Eguerdian, Gurutze auzoan panel bat inauguratu zuten. Ondoren, beste panel bat jarri zuten Arritxulo aterpetxean, Lesaka bidean. Aritxulegiko batailoian izandako bizipenen gaineko Basarriren bertsoak kantatu zituzten. Arrantxoa eman zuten ondoren, eta bazkal ostean bertsolariak eta irrintzilariak aritu ziren.

1939. eta 1942. urteen artean, 12.500 pertsona inguru lan esklabotzan behartu zituzten frankistek Lesakan, Irunen, Lezon, Pasaian, Errenterian eta Oiartzunen, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. Batailoietara zigortuak eraman zituzten herritarrei "errekonozimendua eta erreparazioa" egin nahi izan die Kattin Txiki oroimen historikoaren berreskurapenerako elkarteak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.