Frankismoko errepresaliatuen salaketa gehiago eramango dituzte Argentinara

Frankismoaren aurkako auzian, epaileari eskatu nahi diote 60 zigorturen kasuak ikertzeko; euskal herritarrak dira tartean

Goldatu elkarteko kideek urtarrilean egin zuten agerraldia, elkarte berria aurkezteko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Frankismoa ikertzeko Argentinan irekitako auziak aurrera jarraitzen du, eta heldu den astelehenetik aurrera 60-70 kasu gehiago izango ditu. La Comuna frankismoko errepresaliatuen Espainiako elkarteak eta Goldatu garai hartako errepresaliatu eta presoen elkarteak eramango dituzte salaketa horiek, tartean euskal herritar zenbaitenak. Astelehen-asteartean elkartuko dira Maria Servini epailearekin, eta salaketak emango dizkiote, haiek ere ikerketara gehi ditzan.

La Comuna elkarteko kideek urtarrilean egin zuten batzarra, Madrilen, eta orduan erabaki zuten Argentinara auzitara jotzea. «Hemen inork ez duelako behatzik ere mugitzen frankismoaren kontra», Jose Maria Chato Galantek adierazi duenez. LCR Liga Komunista Iraultzaileko kide izan zen Chato Galante, eta La Comunako kide da gaur egun. Manuel Blanco Chivite lagun izango du bidaian —FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko kide izan zen frankismoan—. Haiekin, bi euskal herritar ere joango dira: Josu Ibargutxi eta Sabin Arana —ETA VIkoak ziren garai hartan—. Segoviako kartzelan elkar ezagutu zuten, eta frankismoaren azken hondarren kontrako borrokak batu ditu orain.

La Comunako kideek hiru hilabete eman dituzte lekukotzak biltzen, artxibo historikoak, fitxa polizialak eta era guztietako dokumentuak arakatzen. 60 bat lagunen salaketak dokumentatu ahal izan dituzte. «Baina seguru gaude askoz gehiago daudela», Galantek dioenez. Frankismoan preso izan zirenen eta «kartzelaldi prebentiboak» jasan zituztenen kasuak jaso dituzte, batik bat, orain arte. Jose Humberto Baena eta Salvador Puig Antich fusilatuen kasuak ere eramango dituzte Argentinara.

Salaketez gainera, salatuak ere badira. TOP Ordena Publikoaren Auzitegia zeneko kide guztien zerrenda osatu dutela azaldu du Galantek, «aurreneko presidentetik hasi eta azkeneko idazkariraino». Horrez gain, «128 torturatzaile» gehitu dituzte zerrendan. Presozainen izenak ere jaso dituzte, gutxiago baina. «Ez hobeak zirelako, datu horiek eskuratzea zaila egin zaigulako baizik». Auzitegi militarretan esku hartu zuten zenbaiten izenak ere batu dituzte.

Servini epailea egiten ari den ikerketan, zerrenda horietan jasotako pertsonak erantzule gisa agertzea eta erantzukizunak eskatzea, hori da asmoa. Frankismoko krimenen erantzuleak ikertzea eta den-denak auzipetzea nahi luketela azaldu du Galantek: «Epaileari eskatuko diogu exijitzeko polizia politikoarekin kolaboratu zuten guztien izenak agerrarazteko».

Dokumentu batzuk eskuratu ahal izan dituzte, baina beste batzuk aztertzea ezinezkoa da. Oraindik. 1975etik, Francisco Franco diktadorea hil zenetik, «ia 50 urte pasatu dira, baina oraindik ez dago modurik». Informazio batzuek bahituta jarraitzen dutela salatu du Galantek; esate baterako, Espainiako Barne Ministerioan dagoena eskuraezina da: «Guri buruzko informazioa eskuratzeko ere zailtasunak ditugu».

«Ez dakigu zer ibilbide izango duen kereilak, baina entzungo gaituzte, ez izan dudarik». Frankismoa ikertzeko kereilari indarra ematea da La Comunako eta Goldatuko kideen asmoa. «Gure azken helburua Amnistiaren Legea indargabetzea da. Lege horrek ematen du aitzakia epailetzak ez dezan erantzukizunik eska». Galantek oroitarazi du lege hori baliogabetzeko eskatu izan diotela nazioarteko hainbat erakundek Espainiako Gobernuari. «Baina beste aldera begira jarraitzen du».

Epailea, lekukotzak hartzen

Auziak zer jarraipen eta zer ondorio izango dituen ez dute argi, baina salaketa azken muturreraino eramateko prest daude: «Hemen ez digute justiziarik egiten». Ekainean Madrilera joango da Maria Servini epailea; lekukotzak hartuko dizkie orain artean salaketak aurkeztu dituztenei, eta zerrenda hori handitu nahi dute La Comunako eta Goldatuko kideek. Saiatuko dira Servini Bilbo aldera etor dadin, eta ordurako «askoz kasu gehiago» bilduko dituztela iragarri du Galantek: «Ilara luze bat osatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.