GIZA ESKUBIDEAK

Frankismoko krimenen erantzuleak estraditatzeko edo epaitzeko ardura duela ohartarazi dio NBEk Espainiari

Gutun irmoa egin dute NBEko lau arduradunek: hiru kontalari berezi eta lantalde bateko presidentea daude tartean. Argentinara estradiziorik ez egitea ez dute bidezkotzat jo, eta gobernuari adierazi diote estradiziorik ez badu egin nahi Espainian bertan epaitu beharko dituela.

Rodolfo Marti Villa eta Espainiako errege ohi Juan Carlos I.a, Torre de los Lujanes eraikinaren inaugurazioan. CHEMA MOYA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 27a
14:33
Entzun

Espainiako Gobernuak ez dio jaramonik egingo Argentinako justiziari, eta ez ditu estraditatuko frankismoko krimenen harira inputatutako hemeretzi ministro eta poliziak. Argudio gisa, adierazi du Argentinako justiziak ez daukala eskumenik Espainian egindako delituak ikertzeko. Nabarmendu du, gainera, delitu horiek iraungita daudela Espainiako legeen arabera.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ez ditu ontzat jo argudio horiek: “Ez dute oinarririk, ez dituztelako aintzat hartzen eta kontra egiten dietelako giza eskubideetako nazioarteko estandarrei”. Delituak ez leudeke iraungita, haren arabera: gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezke, eta horiek ez dira iraungitzen.

NBEko lau ordezkarik sinatu dute gutuna: Ariel Dulitzkyk, desagertze behartuak ikertzeko lantaldeko presidenteak; Christof Heynsek, exekuzio estrajudizialei buruzko kontalari bereziak; Juan Mendezek, torturari buruzko kontalari bereziak; eta Pablo de Greiffek, egiari, justiziari eta erreparazioari buruzko kontalari bereziak.

Ohar argia egin diote Espainiari: edo estraditatu frankismoko krimenen erantzuleak, edo Espainian bertan epaitu. “Ez baditu estraditatzen, estatuak obligazioa dauka giza eskubideen eta egia jakiteko eskubidearen urraketa larriak jasan dituztenei justiziarako sarbidea emateko nazioko auzitegietan”.

Oraingo egoeran kaltea biktimek jasaten dutela salatu du NBEk: “Estradizioa onartu ez izanak batere babesik gabe uzten ditu biktimak eta haien senideak, eta justiziarako eta egiarako eskubidea ukatzen die”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.