Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du frankismoko torturatzaileei medailak kentzearen aldeko adierazpen instituzionala. Geroa Bai koalizioak aurkeztu du proposamena, eta, bertan, Espainiako Gobernuari eskatzen diote frankismoan «balio demokratikoekin eta giza eskubideen babesaren oinarriekin bateraezinak diren ekintzak egin edo halako jarrerak behatu» zituzten funtzionario eta autoritateei kondekorazio oro kentzeko, «diktadura frankistaren errepresio aparatuaren parte izateagatik».
Kondekorazioa kentzeak hark dakartzan onura ekonomikoak galaraztea ere eskatzen du, adierazpenaren arabera. Era berean, sariak hil ondoren ere kendu daitezkeela adierazi dute. Adierazpenaren oinarrian, Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren kasua dago. Polizia frankista hori gizateriaren aurkako delituengatik inputatua zegoen. Argentinako Maria Servini epaileak hasi zuen haren kontrako epaia, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren estraditazioa ukatu arren. Gonzalez Pacheco maiatzean hil zen, epaitua izan gabe.
Nafarroako Parlamentuak beharrezko ekinaldi arautzaileak abiarazteko ere eskatu du 1936ko altxamendu militarra, Espainiako Guda Zibila eta frankismoa goraipatzen duten sari, izendapen eta ohorezko tituluak aztertu eta indargabetzeko. Tartean, «gerra zibilaren eta diktaduraren gorespena egiten duten 1948 eta 1978 bitartean emaniko noblezia tituluen» behaketa egiteko eskatu dute, horiek indargabetzeko.
Modu horretan, Espainiako Diputatuen Kongresuan hartutako bidetik jarraitu du Nafarroako Parlamentuak. Gainera, orduan ez bezala, UPNk aldeko botoa eman du. Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonentzat «lotsagarria» izan zen orduan UPNk izan zuen jarrera. Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek, berriz, guztien arteko adostasunaren «garrantzia» azpimarratu du.
Navarra Sumako presidente Javier Esparzak adierazi du aurreko asteko botoaren norabidea azken uneko zuzenketa bat egin aurretik hautatu zutela, eta ez zuketela halakorik egingo haren berri izanez gero. Haren esanetan, UPNk «beti» gaitzetsi izan du diktadura: «Egia da batzuetan abstenitu egin garela, ez dugulako garbi ikusi zein ziren motibazioak. Baina uste dut honen inguruko gure posizioa edozein zalantzatatik at dagoela».
Espainiako erregearen erretratua kendu dute
Nafarroako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adostu du eraikinean zeukaten Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituaren erretratu bat kentzea. Egitasmoa Ezkerrarena izan da, eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k babestu dute. Navarra Sumak, aldiz, kontrako botoa eman du. PSNk bat egin duen arren, sozialistek kontrako botoa eman dute, Borboikoa ikertzeko batzorde bat sortzeko aukera dagoela eta.
Retirado el cuadro retrato del ciudadano Juan Carlos de Borbón de la Sala de Gobierno del @parlamentoNApic.twitter.com/1zpjJ6xVnj
— Unai Hualde (@UnaiHualde) June 15, 2020