TORTURA

Billy el Niñori dominak kentzeari oniritzia eman dio Espainiako Kongresuak

Atzo eztabaidatu zuten gaiaz, eta gaur egin dute legez besteko proposamenari buruzko bozketa: 207 boto dominak kentzearen alde, 57 kontra eta 86 abstentzio.

Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño', Espainiako Auzitegi Nazionaletik irteten, 2013an. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
jon olano
2020ko ekainaren 11
15:20
Entzun

Duela hilabete hil zen Antonio Gonzalez PachecoBilly el Niño polizia ohia, frankismo garaian eginiko torturengatik ezagun egindakoa. Bere ibilbidean jasotako domina guztiak ukitu gabe zituela hil zen, koronabirusak jota.

Orain, ordea, Espainiako Kongresuak oniritzia eman dio Billy el Niñori dominak kentzeko aukerari. Atzo eztabaidatu zuten gaiaz, eta gaur egin dute legez besteko proposamenari buruzko bozketa: 207 boto dominak kentzearen alde, 57 kontra eta 86 abstentzio.

PSOEk eta Unidas Podemosek adostu dute testua, baina Ciudadanosek eginiko iradokizun batzuk ere jaso dituzte. Besteak beste, adostu dute Espainiako Gobernuari eskatzea «modu eraginkorrean kendu diezazkiela kondekorazioak eta sariak diktadura frankistako funtzionarioei eta agintariei, horiek, domina jaso aurretik nahiz ondoren, balio demokratikoen eta giza eskubideen babesaren aurkako jokabideak izan bazituzten». Testuan berariaz jaso dute domina horiek erretiratzeko aukera jaso dituena hilda egonda ere.

Testu berean, kongresuak ontzat jo du «1936ko kolpe militarrari, Gerra Zibilari eta frankismoari gorazarre egite aldera emandako izendapen, titulu eta abarrak».

Borroka nekeza izan da Gonzalez Pacheco epailearen aurrera eramatekoa. Denera, 30 kereila inguru aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik». Halere, epaiketarik egin gabe zendu da; besteak beste, Espainiako botere exekutiboak eta judizialak oztopatu egin dituztelako haren aurkako ikerketak.

Nazioartean, Maria Servini krimen horiek ikertzen ari den Argetinako epaileak 2013an eman zuen Billy el Niño atxilotzeko nazioarteko agindua, Jesus Muñecas polizia ohiarenarekin batera. 1971. eta 1975. urteen artean hamahiru pertsona torturatzea leporatzen dio epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, estradizio eskaera atzera bota zuen urtebete geroago, argudiatuz tortura delitu horiek iraungita daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.