Espainiaren eta Jainkoaren idealak defendatzeagatik hil zituztenen oroigarri. Testu hori zeukan Donostiako Polloe hilerriko mausoleo frankistak, baina gaur goizean kendu dute Donostiako Udaleko langileek. «Memoria Historikoaren Legea betetzen ez zuen plaka bat zuen, eta, beraz, kendu eta biltegiratu egin da», esan du Ane Oiarbide Eskubide Zibilen zinegotziak.
Joan zen astean iragarri zuen Eneko Goia alkateak plaka kenduko zutela, Aranzadi zientzia elkarteak eginiko ikerketa baten ostean. Horretan ondorioztatu zutenez, frankisten artean gutxienez haien hamazazpi biktima daude han hobiraturik, haien sendiek jakin gabe.