Oroimen Historikoa

Donostiako mausoleo frankistan antifaxisten gorpuak daudela ondorioztatu du Aranzadik

Zientzia erakundearen arabera, «gutxienez» hamazazpi miliziano daude han hobiraturik. 'Jainkoaren eta Espainiarengatik' eroritakoen aldeko plaka dago panteoian, eta Espainiako militarrak eta guardia zibilak ekitaldiak egin izan dituzte han.

Frankistek Donostiako Polloe hilerrian eraikitako mausoleoa. BEñAT PARRA / IRUXULOKO HITZA
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 16a
14:25
Entzun

Iñaki Egaña historialariak Los crímenes de Franco en Euskal Herria. 1936-1940 (2009) liburuan eman zuen lehenengo zantzua: Donostiako Polloe hilerrian Jainkoaren eta Espainiarengatik eroritakoen alde eraikitako mausoleo baten barruan, frankisten gorpuzkiez gain, miliziano antifaxistak lurperaturik egotea litekeena zela idatzi zuen. Susmoa egiaztatu du orain Aranzadi zientzia elkarteak. Gaur aurkezturiko txosten batean jaso dutenez, gutxienez frankisten 17 biktima daude han, haien sendiek jakin gabe.

Donostiako Udalean gar goizean eginiko agerraldian aurkeztu dute txostena. Javier Buces ikertzailea egon da agerraldian. BERRIAri esan dionez, Udalak berak egin zion eskaera, EH Bilduk proposatuta. Ikertu behar zuen mausoleoak betetzen ote duen Oroimen Historikoaren Legea. Arau horrek debekatu egiten du frankismoa goresten dituzten monumentuak, besteak beste. Horrek bultzatu ditu, esaterako, Madrilgo Erorien Haranean frankistek euren kontakizun historikoa osatzeko bahituriko gorpuzkiak monumentu faxistetatik ateratzeko eta biktimen aztarnak haien senideen eskuetan jartzeko ekinbideak. Donostiako Udalak jakin nahi zuen Polloekoak legea urratzen ote duen, eta Aranzadiri txosten zientifikoa egiteko eskatu zion azaroan, Bucesek kontatu duenez.

Ikertzaile lana hasi zuten orduan historialariek. Donostiako artxibora joan ziren, eta han ikusi zuten mausoleoa gerra amaitu bezain pronto eraiki zutela. Baina, horrez gain, 1960ko hamarkadako agiri bat topatu zuten: «Horretan, Gipuzkoako gobernadore zibilak udalari galdetzen dio zenbat matxino zeuden han lurperaturik, haien gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranera eramateko».

Bucesen taldeak aurkitu duenez, hilerriko langile bakoitzari bere txostena egiteko eskatu zioten. Hobian lurperaturiko 121 pertsonaren izen zerrenda osatu zuten langileek.

Zerrenda hori hartuta, historialariek izenak banan-bana aztertu dituzte, eta ikusi dute horietako gutxienez 17 miliziano anarkista, komunista eta sozialistak zirela, Donostia tropa faxistetatik defendatzera joandakoak. Alfabetikoki eman dituzte haien izenak: Pedro Arriola San Pedro, Severiano Asarta Imaz, Narciso de Santos Herrero, Lorenzo Etxarri Isasa, Marcos Galluralde Elejalde, Camilo Ibañez Azkoaga, Manuel Inoriza Sagarminaga, Francisco Irazabal Saez, Alvaro Izurza, Jose Lage Iza, Luis Larrea Lopez de Ipiña, Ambrosio Narbaiza Sarasketa, Pedro Olmedo Paumero, Clemento Queipo, Eusebio Serrano Alvarez, Benito Uranga Balanzategi, eta Eloy Zufiaurre Garcia.

Kanposantuaren ekialdean dago hobia, harrizko gurutze handi baten azpian. Horretan plaka bat dago testu honeekin: Espainiaren eta Jainkoaren idealak defendatzeagatik hil zituztenen oroigarri. Lurperaturikoen izen-abizenak agertzen dira. Gehienak poliziak militarrak edo guardia zibilak ziren. Gainerakoen nortasunaren zantzurik ez da ageri, ordea.

Zer dela-eta lurperatu zituzten mausoleo frankistan? Erorien Haranean bezala antifaxisten gorpuzkiak erabili nahi izan zituzten gainditu beharreko anai-arreben arteko gerraren kontakizuna eraikitzeko?

Bucesen aburuz, ez. Azalpena askoz sinpleagoa eta arruntagoa litzateke: «1940an Polloeko langileek hainbat hobitatik atera zituzten gorpuak, eta mausoleoan sartu zituzten. Leku faltarengatik, neure ustez. Haiek ez zekiten zein zen hildako bakoitzaren filiazio politikoa».

Beraz, 17 baieztatuta daude. Beste 14, ordea, zalantzan daude, «informazio kontraesankorra» dagoelako, hau da, ez dagoelako argi norekin borrokatu ziren gerran. Historialariak gogoratu duenez, milizia antifaxistetan harrapaturiko asko, gero frankisten tropekin aritzera behartu zituzten. «Hilez gero, haiei ere Espainia eta jainkoarengatik hila jartzen zieten». Honako hauek dira: Pedro Aramendia Laca, Manuel Arconilla Vega, Manuel Baez Machuca, Etura abizeneko bat (ez dago informazio gehiago), Juan Herren Aller, Santos Lopez Pinto, Rogelio Miranda, Juan Ortiz de Zarate Urbina, Rodrigo Perez Santamaria, Pedro Samper, Fernando San Saturnino Torre; Cesareo San Sebastian Zubiarrain, Julian Sanchez Sola eta Luis Tapia.

Omenaldi frankistak

Polloeko panteoiak eman du zeresana azken urteotan. 2017an Donostiako zenbait bizilagunek salatu zuten azaroaren 2an Espainiako Armadako eta Guardia Zibileko hainbat kidek ekitaldia egin zutela mausoleo frankistaren aurrean, eta loreak utzi zituztela han. Horren inguruan galdera egin zion Espainiako Gobernuari Jon Inarritu EH Bilduko senatariak. «Huts bat izan zen? Zergatik egin zuten hori?», galdetu zuen. Madrilgo Gobernuak baieztatu zuen «aberriarengatik eroritakoen eguna» ospatu zutela 23 militarrek eta 5 guardia zibilek Polloeko hilerrian, baina ez zuen argitu zergatik aukeratu ote zuten frankisten aldeko oroigarria horretarako.

«Udalari esan diogu plaka ez datorrela bat Oroimen Historikoaren Legearekin», adierazi du Bucesek. «Baina guk txosten teknikoa egin dugu, eta Udalak hartu beharko du neurria».

Eneko Goia EAJko alkateak gaurko agerraldian esan duenez, Donostiako Udala da panteoiaren jabea, eta berehala kenduko dutela frankisten omenezko plaka. Horrez gain, gero alderdiekin hitz egingo duela panteoiarekin zer egin erabakitzeko.

Ikertzaileek jarraituko dute zalantzan dauden kasuak argitzen saiatzen. Biktimen izenak zabaltzea nahi dute, senideren bat agertuko ote den esperoan, gorpuzkiak jasotzeko, edo euren senideen inguruko informazioa emateko. «Irekiko da aukera gorpuzkiak ateratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.